Gizartea -

Ibilaldia 2020

"Denon artean ibilbidea eraikitzen jarraitzeko" deia egin dute Bizkaiko ikastolek

2020ko Ibilaldiaren agur ekitaldia egin dute Elorrion. Azaroaren 13an "Ikastolak Herriari" ikuskizuna egingo dute, Donostiako Kursaalean, Euskal Herriko ikastolen jaialdi guztiek.

Ibilaldiaren ekitaldia, Elorrion. Argazkia: Ikastolen Elkartea
Ibilaldiaren ekitaldia, Elorrion.
Ibilaldiaren ekitaldia, Elorrion. Argazkia: Ikastolen Elkartea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko Ibilaldiak agur ekitaldi berezia egin du Elorrion. Bizkaiko ikastolen ohiko jaialdia ezin eginda, ekitaldi berezia antolatu dute, urte osoko prozesuari bukaera emateko.

Maiatzaren 31n ospatzekoa zuten Bizkaiko ikastolek 2020ko Ibilaldia, baina pandemiaren eraginez, bertan behera utzi zuten, eta urriaren 18ko data berria jarri zuten, "gizarteari zor diogun erantzuna emateko". Gaur, agur ekitaldia egin dute ,"arduraz eta erantzukizunez".

Elorrioko Txintxirri Ikastolako gazteen bertsoek eta dantzek eman diote hasiera ekitaldi bereziari. Imanol Ituiño magoak eta Xabier Aburruzagaren musikariak ere parte hartu dute.

Elorrioko Ikastolak gogorarazi duenez, gonbidatu kopurua murriztu behar izan dute ekitaldia egin ahal izateko. Bertan izan dira Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakaria eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.

Ibilaldiak "oztopoak oztopo aurrera" egin duela nabarmendu dute antolatzaileek. "Denon artean gure ibilbidea eraikitzen jarraituko dugu", esan dute.

Txintxirrik urte osoan ikastolako langileek, gurasoek eta ikasleek egindako lana goraipatu, eta eskerrak eman dizkie. Besteak beste, maiatzaren 31n online ekitaldi parte-hartzaile bat egin zuten. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean,  "liburu ibiltari" bat aurkeztuko dute, iazko abendutik Bizkaiko ikastola guztietan zehar osatutakoa.

Azaroaren 13an, Donostiako Kursaalean, ekitaldi berezia egingo dute Euskal Herriko Ikastolen jaialdi guztiek, elkarrekin: Ikastolak Herriari ikuskizuna. Datorren astetik aurrera izango da sarrerak eskuratzeko aukera, "primerako kantaldi eta dantzaldiak gozatu ahal izateko Euskal Herri osoko ikastolen aldeko ikuskizunera" joateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ibilaldia Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Elorrio Durangaldea albisteak