Gizartea -

Ipar Euskal Herriko ikastolak

Herri Urrats maiatzaren 9an ospatuko dute, "modu berri batean"

"Boga" leloa aukeratu dute aurtengo jairako, eta pandemiak eragindako ziurgabetasunari aurre egiteko diru bilketa abiatu dute.

Antolatzaileek badakite aurtengoa ez dela "ohiko" Herri Urrats izango. Argazkia: Euskadi Irratia
Duela bi urteko Herri Urrats.
Antolatzaileek badakite aurtengoa ez dela "ohiko" Herri Urrats izango. Argazkia: Euskadi Irratia

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren eta itxialdiaren ondorioz, bertan behera geratu zen 2020ko Herri Urrats. Aurten, baina, hitzorduari eutsi nahi izan diote antolatzaileek, eta Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak gaur jakinarazitakoaren arabera, maiatzaren 9an egingo dute festa, "Boga" lelopean.

Seaskako arduradunek prentsaurrekoan azaldu dutenez, pandemiaren ziurgabetasuna dela eta "aurten nolako Herri Urrats aurreikusten ahal dugun, hori ez dakigu eta momentuko ezin jakin". Dena dela, Herri Urrats "data bat, toki bat, ohitura bat" dela sinistuta eta "gogoetatu eta aukera ezberdinak aztertu" ondoren, hitzorduari eustea erabaki dute. Hala, maiatzaren 9an egingo dute festa, "modu berri batean" bada ere.

"Boga" leloarekin, "arraun kirola eta Herri Urrats parekatu" nahi izan dituzte antolatzaileek. "Arraunean bezala, Herri Urrats elkartea, baita ere ikastolak eta Seaska, elkarlanari esker aitzina doaz... Itsasoan bezala, guk ere ekaitza izan dugu 2020. urtean", nabarmendu dute.

Bestalde, onartu dute ezin dutela "usaiako Herri Urrats baten etekina espero izaten ahal", eta, hala, ohiko jantzi salmenta eta zozketaz gain, dirua biltzeko kanpaina abiatu dute gaurtik hasita, hau ere "Boga" lelopean. Ekarpenekin (https://boga.herriurrats.eus/ webgunean egin daitezke) kolegio berri bat, bosgarrena, eraikitzeko beharrezkoak diren atalak erosi nahi dituzte: teilatua, ate eta leihoak, igogailua...

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Herri Urrats 2024 Iparraldea albisteak Donibane Garazi Baiona Biarritz albisteak Maule Hendaia albisteak Zuberoa Nafarroa Behereko azken ordukoa Albisteak Gizartea Gaurko titularrak