Gizartea -

Epaia

20 urteko zigorra Carcañorentzat, Marta del Castillo hiltzeagatik

Bortxaketa delituagatik absolbitu egin dute. Martaren gorpua ezkutatzen laguntzeagatik akusatuta zeuden beste hiru lagunak ere absolbitu egin dituzte.

Marta del Castilloren hilketagaitik egindako epaiketaren irudia. Argazkia: Efe.
Marta del Castillo auzia: 20 urteko zigorra Carcañorentzat

01:18

Erredakazioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sevillako Auzitegiak 20 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Miguel Carcañori Marta del Castillo hiltzeagatik. Bortxaketa delituari dagokionez, absolbitu egin dute. Carcañori Marta del Castillo hiltzen ustez lagundu zioten beste hirurak ere absolbitu egin ditu epaileak.

Abokatuek ostiral honetan jaso dute epaiaren berri. 20 urteko kartzela-zigorraz gain, Carcañok 140.000 euro ordaindu beharko dizkie Martaren guraso bakoitzari eta 30.000 euro ahizpa bakoitzari (Martak bi ahizpa zituen).

Francisco Javier Delgado Carcañoren anaia, bere neskalaguna, Maria Garcia, eta Samuel Benitez Gaztea, aldiz, biktimaren hilotza ezkutatzen laguntzeagatik absolbitu egin dituzte.

Bestalde, eta bortxaketa delituari dagokionez, Miguel Carcaño errugabea dela erabaki du epaileak, baita Martaren gurasoen integritate moralaren kontrako delituagaitik ere. Azken salaketa hori gorpua non dagoen ez esateagatik jarri zioten.

52 urte eskatzen zituzten

Fiskaltzak 52 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Carcañorentzat bi delitu leporatuta, bortxaketa eta hilketa delitua eta biktimaren gurasoen osotasun moralerako eskubidea urratzea, gorpua non dagoen ez duelako argitu.

Horrez gain, Fiskaltzak ustezko hiru konplize akusatu zituen: Carcañoren anaia, Francisco Javier Delgado; bere bikotea, Maria Garcia; eta Samuel Benitez gaztea, ustez hilketa jazo zen etxeko aztarnak guztien artean garbitu zituztelako eta, ondoren, gorpua, neskatoa hiltzeko erabilitako kablea eta Martaren gauzak etxetik atera eta desagertarazten lagundu zutelako.

Joan den martxoan hain zuzen Adingabeen epaileak El Cuco bortxaketa eta hilketa delituetatik absolbitu zuen eta bi urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra baino ez zion ezarri Marta del Castilloren hilketa ezkutatzeagatik.

Martaren aita: 'Ez dago justiziarik'

Antonio del Castillo Martaren aitak esan duenez, Sevillako Probintzia Auzitegiak emandako epaia "logikarik gabekoa" da.

Horrez gain, gogor kritikatu du Samuel Benitez, Francisco Javier Delgado eta azken horren bikotekidea, Maria Garcia, absolbitu izana, horrek agerian uzten baitu, bere ustez, "herri honetan justiziarik ez dagoela". Martaren aitak iragarri egin du familiak "borrokan" jarraituko duela eta epaia errekurrituko dutela.

"Eva goian dago negarrez, lur jota, ezin du epaia sinetsi eta guk ere ez", esan du bere emazteagatik galdetu diotenean.

Hilotza non dagoen, misterioa

Marta del Castillo 17 urteko neska 2009ko urtarrilaren 24an desagertu zen. Arratsaldea lagun batzuekin pasa ondoren, Marta ez zen Sevillako Tartessos auzoko etxera itzuli.

Urte bereko otsailaren 14an, Poliziak Miguel Carcaño atxilotu zuen, Martaren 19 urteko bikote ohia. Carcañok Marta eztabaidan egin ostean hil zuela onartzen du, eta Samuel Benitezek (19 urte) eta "El Cuco" goitizeneko 15 urtko adingabeak gorpua Guadalquivir ibaira bota zutela. Segurtasun indarrak gorpuaren bila hasten dira eta Samuel Benitez atxilotzen dute. Horrek ere gertatutakoa onartzen du.

Hurrengo hileetan, akusatuek euren bertsioak behin eta berriz aldatzen dituzte eta ikerketa nahastu egiten dute. Desagertu eta hiru urtera, Marta del Castilloren hilotza ez da oraindik agertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea