Gizartea -

Indarkeria matxista

"Bakarrik bai da bai" jasotzen duen lege proiektua onartu du Espainiako Gobernuak

Testua irailean hasiko dira eztabaidatzen Kongresuan. Besteak beste, sexu abusu delitua kentzea proposatzen du, eta indarkeria sexuala eraso gisa tipifikatzea.

La Manada auziak sortutako eztabaida du oinarri proiektuak. Artxiboko argazkia: EFE
La Manada auziak sortutako eztabaida du oinarri proiektuak.
Onespena izango da sexu erasoa egon den ala ez ebazteko baldintza

1:18

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren ministro kontseiluak Askatasun Sexuala bermatzeko lege proiektua onartu du gaur. Testuak "bakarrik bai da bai" barne hartzen du, alegia, baimenaren kontzeptuaren definizio berria egiten du Istanbulgo hitzarmenera egokitzeko (indarkeria matxistaren kontrako Europako Kontseiluaren ituna). Sexu abusu delitua kentzea ere proposatzen du, eta sexu indarkeria oro eraso gisa tipifikatzea.

Ministroen kontseiluak onartuta, izapide parlamentarioa abiatuko da, eta litekeena da Kongresura irailean iristea. Espainiako Gobernuak 2020ko martxoan onartu zuen aurreproiektua, eta urtebete honetan Fiskaltzaren, Botere Judizialaren eta Estatu Kontseiluaren ekarpenak jaso ditu.

Baimenaren definizioa jasotzen du proiektuak. Helburua La Manada kasuak lehen auzialdian izandako epaiak saihestea da. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen legearen arabera, indarkeria edo larderia egon bada bakarrik tipifikatzen du sexu eraso bat bortxaketa moduan. Onartzear dagoen testuak, berriz, emakumeak emandako baimen zehatz eta argiaren arabera ezarriko du. Baimena definitzeko orduan "baiezkoaren" formularen alde egiten du proiektuak (orain artekoek ez bezala). Horrenbestez, horrela jasoko da baimenaren definizioa: "pertsonaren borondate argia libreki, ekintzen bidez, adierazi denean bakarrik ulertuko da" (soilik baietza da bai).

Istanbulgo Hitzarmenak 36.2 artikuluak dioenarekin bat egiten du definizio horrek. Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioak nabarmendu duenez, aurrerantzean "biktimek ez dute demostratu beharko erasotzaileari kontra egin diotenik edo indarkeria tarteko egon denik". Hori horrela, "baimen gabe egindako sexu ekintza oro erasoa izango da".

Hori da, hain justu, lege proposamenak dakarren beste nobedadea. Abusu sexualen delitua Zigor Kodetik kenduko da, eta sexu indarkeria oro (dela kaleko jazarpena, dela talde bortxaketa bat) eraso matxista izango da. Larritasun mailaren arabera zigor eskaera bat ezarriko da. Irene Montero Berdintasun ministroaren lantaldearen arabera, "sexu indarkeriaren adierazpen ezberdinei erantzun zabalagoa emango zaio, arinenetatik hasita larrienetara. Horrez gain, astungarri berezi batzuk jasoko dira, besteak beste, talde bortxaketa izatea, erasoa aparteko indarkeriaz egitea, biktima bereziki zaurgarria izatea, armak erabiltzea...".

Halaber, indarkeria matxistaren biktima guztiak parekatuko dira. Adibidez, sexu indarkeriarenak genero indarkeriaren (bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoa bakarrik) biktimekin parekatuko dira. "Euren egoera administratiboa, etnia edo nazionalitatea edozein dela ere, emakume eta haur guztiak babesteko" zeregina bere egingo du legeak, baita salerosketaren biktimak ere.

Prostituzioaren industriaren kontra jarduteko ekinbideak ere aipatzen ditu legeak. Hori horrela, aberasteko asmoz eta ohiko jardunbide gisa, etxebizitzak edo bestelako azpiegiturak emakumeak prostituitzera behartzeko erabiltzen dituzten proxenetei isunak jartzea aurreikusten du.

Azkenik, biktimei zuzendutako "24 orduko krisi-etxeak" sortzea proposatu du Espainiako Gobernuak. Emakumea tarte horretan behintzat babestuta egon dadin, salaketa aurkeztu edo ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Tratu txarrak Indarkeria matxista Espainiako Gobernua Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa LGTBI ‘La Manada’ auzia Sexu erasoak