Gizartea -

Gasteizen

Greba egunean zauritutakoaren familiak Ertzaintza salatuko du

Herrizaingo Sailaren arabera, ertzainengandik ihesi zihoala erori egin zen eta buruan kolpea hartu zuen. Xuban Nafarretek eta familiak, berriz, Ertzaintzak buruan pilotakada eman ziola azaldu du.

Greba egunean Gasteizen larri zauritu zen gaztearen familiak Ertzaintza salatuko du

00:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 29an, greba-egunean, larri zauritu zen Xuban Nafarreteren familiak Ertzaintza salatuko duela iragarri du. Egun hartan, 19 urteko gizonezkoa larri zauritu zen, buruan kolpe handia jasota.

Herrizaingo Sailaren arabera, ertzainengandik ihesi zihoala erori egin zen eta buruan kolpea hartu zuen. Gaztearen aitak errotik ukatu du informazio hori eta Ertzaintzak buruan pilotakada bat eman ziola azaldu du. Gainera, gertatutako azaldu dezaketen hainbat lekuko daudela eta anbulantziako erizainek ere Gasteizeko epaitegian aurkeztuko duen salaketa babestuko dutela esan du.

Nafarretek semeak pilotakada jaso zuenean beste gazte batzuekin pikete batean parte hartzen eta foiletoak banatzen ari zela azaldu du.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak joan den osteguneko gertakariak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean eta, EA alderdiko kide batek Gasteizko gaztearen kasuari buruz galdetu dionean, Nafarretek pilotakada bat jaso zuela esatea “gezurra eta faltsua” dela erantzun du Aresek.

Nafarrete astebete izan zen ospitalean eta koagulu bat du buruan, oraindik ere. Esan duenarengatik Aresek atzera egin beharko duela uste du gaztearen aitak.

Datorren apirilaren 24an, Aresek Xuban Nafarreteri gertatutakoari buruzko azalpenak eman beharko ditu, EAk eskatuta.

Gaztearen familiaren esanetan, gertatutakoa salatzeko eta Aresen ikuspegia ezagutzeko eskatuko dute Herrizaingo sailburuaren agerraldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea