Gizartea -

Haurren kontrako indarkeria

Umeenganako bortxaren aurkako plana garatu du Jaurlaritzak, "jostailu hautsi" gehiago egon ez daitezen

2020an, indarkeria mota ezberdinen 1.459 biktima adingabe artatu zituzten EAEn. Datozen lau urteotan prebentzioa indartzeko eta biktimok modu integralean artatzeko egitasmoa osatu du Jaurlaritzak, erakunde, profesional eta biktima izan diren 80 bat neska-mutilen lankidetzarekin.

2020an indarkeria mota ezberdinen 1.459 biktima adingabe artatu zituzten EAEn. Argazkia: Pixabay
2020an indarkeria mota ezberdinen 1.459 biktima adingabe artatu zituzten EAEn
2020an indarkeria mota ezberdinen 1.459 biktima adingabe artatu zituzten EAEn. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haur eta nerabeenganako indarkeriaren kontrako estrategia integrala izango du datozen lau urteotan (2022-2025 aldia) Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), bortxak "apurtutako jostailu" gehiago egon ez daitezen.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur, Haurren kontrako indarkeria salatzeko nazioarteko egunean, aurkeztu du euskal plana. Sailburuak azpimarratu duenez, halako egitasmo bat duen Espainiako Estatuko lehen autonomia da EAE, eta Europan "bakarrenetarikoa".

Egitasmoak lau helburu edo ardatz nagusi izango ditu: prebentzioa (sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte), indarkeria kasuak garaiz atzematea (besteak beste, Zeuk esan zerbitzuaren bitartez), biktima modu integralean artatzea (sektore arteko ikuspegia txertatuta, hots, genero, nazionalitate, arraza edo orientazio eta identitate sexuala bezalako aldagaiak kontuan hartuta) eta hainbat erakunde eta gizarte-eragileren arteko lankidetza bultzatzea.

Estrategiaren gakoak aurkezteaz gain, gizarteko katebegi zaurgarrienetakoaren kontra egindako indarkeria kasuen datuak ere eman ditu Artolazabalek agerraldian. Ertzaintzak 2020an erregistratutako datuen arabera, indarkeria mota ezberdinen biktima izan ziren 1.459 adingabe artatu behar zituzten EAEn. Ia erdiek (664 haur eta nerabe) etxeko indarkeria pairatu zuten. Ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikasleen % 20k eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) % 16k bullying-a edo eskola jazarpen motaren bat jasan dute (2018ko datua). Bestalde, 2016 eta 2019 urteen artean, sexu indarkeriaren biktima izan ziren nesken eta mutilen kopurua % 60 hazi zen Euskadin, eta 2019an, indarkeria matxistaren biktima izan ziren 468 neska adingabe artatu zituzten.

Dena dela, datuok indarkeria horren zati bat baino ez dute islatzen, kasu asko eta asko ez direlako salatzen, eta beraz, ez dira erregistratzen. Sailburuak aipatu duenez, hainbat arrazoirengatik ezkutatzen da; besteak beste, errepresaliak izateko beldurra, indarkeria barneratu eta normalizatzea,  salaketari lotutako estigma edo salaketa bide egokituak, irisgarriak eta isilpekoak ez ezagutzea.

Biktimok "jostailu hautsi" gisa jo ditu Artolazabalek, eta hain justu, hori izango da datozen egunotan Jaurlaritzak martxan jarriko duen sentsibilizazio kanpainaren leloa: "Jostailu hautsi gehiagorik ez".

Biktimak, kolektibo anitza

Egitasmoa osatzeko orduan erakunde, profesional eta biktima izan diren 80 bat neska-mutil izan ditu lagun Eusko Jaurlaritzak. Ohartu direnez, neskak, mutilak eta nerabeak ez dira talde homogeneoa, eta, beraz, estrategia berrian ikuspegi intersekzionalaren aldeko apustua egin dute, hau da, diskriminazioan lagundu eta zenbait indarkeria-mota eragin edo areagotu ditzaketen aldagaiak kontuan hartu dituzte: "generoa, nazionalitatea, arraza, sexu-identitatea edo -orientazioa edo egoera sozioekonomikoa, besteak beste", aipatu du Artolazabalek.

Izan ere, arestian aipatutako 2020ko datuak xehe aztertuta, nesken kasuak mutilenak baino gehiago dira; zehazki, biktima guztien erdia baino gehiago (% 54) emakumezkoak ziren. Adinaren arabera, kasu gehienak 14 eta 17 urte bitarteko nerabeei dagozkie.

Indarkeria motari eta moduari dagokionez, familia barrukoa da ohikoena; erregistratutako kasuen % 45,5 da. 2020an, Euskadin, Ertzaintzak 664 neska-mutil eta nerabe identifikatu zituen indarkeriaren biktimatzat bere familia esparruan, 2016. urtean baino ia % 69 gehiago.

Bikotekideen edo bikotekide ohien nesken aurkako indarkeria-kasuek ere hazkunde nabarmena izan dute (% 25), baita sexu-indarkeria-kasuek ere (% 24,2). 2019an, Ertzaintzak 18 urtetik beherako 206 pertsona identifikatu ahal izan zituen Euskadin sexu indarkeriaren biktima gisa, eta horietatik % 80,6 neskak eta emakume nerabeak izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Ertzaintza Tratu txarrak Espainian Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea albisteak Sexu-abusuen biktimak gaur Eguneko albisteak Albisteak Eskola jazarpena Umeak azken ordukoa Sexu erasoak Gazteak