Ume lapurtuak -

Eusko Legebiltzarra

Euskadin haurrik lapurtu ez dela uste du Paco Etxeberriak

Hori bai, legez kanpoko adopzioak izan zitezkeela azpimarratu du. Aranzadi Zientzia Elkarteko presidente eta auzitegi medikua Legebiltzarreko ikerketa-batzordean izan da.

Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta auzitegi medikuak. Argazkia: EITB
Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta auzitegi medikuak. Argazkia: EITB
Haurrak lapurtu izana "ia ezinezkoa" ikusten du Paco Etxebarriak

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haur lapurtuen auzia ikertzeko Eusko Legebiltzarrean osatutako batzordeak bilera egin du gaur goizean eta bertan izan da Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidente eta auzitegi medikuak.

"Ia ezinezkoa da Euskadin haurrak lapurtu izana", azpimarratu du batzordearen aurrean Etxeberriak. Hori bai, "irregulartasunak" eman direla eta adopzio batzuk "legez kanpokoak" izan direla uste duela ere nabarmendu du.

Legebiltzarreko batzordea 1940 eta 1990 urteen artean izan ziren adopzio irregularrak ikertzen ari da. Euskal Autonomia Erkidegoan 600 kasu inguru daudela salatu du SOS Bebes Robados Euskadi elkarteak.

"Ez dago frogarik haurrak lapurtu direla esateko, alegia, ama bati, bere gogoz kontra, jaioberri bat kendu zaiola esateko", azaldu du.

Aitzitik, adopzioetan irregulartasunak eman direla esan du. "Irregulartasun administratiboak eman dira, hala nola, umea jaiotzerakoan ginekologorik ez izatea, eta legez kanpoko jarduera batzuk ere izan dira".

Alabaina, irregulartasun horiek guztiak euren seme-alabak adopzioan eman nahi zituzten emakumeen kasuan eman zirela adierazi du.

Horrenbestez, "ia ezinezkoa da umearekin geratu nahi zuten amei haurra lapurtu izana, are gutxiago osasun-zentro publikoetan", erantsi du.

Hilobiak

Bestalde, orain arte ireki diren hilobien harira ere hitz egin du. Etxeberriak esan du zenbait kasutan hilobiak hutsik egon direla zabaldu dela, baina hori zuzena ez dela argitu du.

Gorpuzkinik topatu ez izanak ez du esanahi hilkutxa hutsik lurperatu zela. "Jaioberriak erabat garatu gabe daudenez, denborarekin ia erabat desegiten dira, beraz, ez da arraroa hilobiak hutsik agertzea", azaldu du.

Gainera, beste zenbait kasutan, eskumuturrekoak edo bestelako objektuak topatu dituztela ekarri du gogora, eta, ondorioz, jaioberriak bertan lurperatuak izan zirela uler daitekeela esan du.

Eztabaida eta zalantzak

Bestalde, Luis Miguel Querejeta Auzitegiko Medikuntzako Institutuaren Patologia Zerbitzuko buruzagiak ere egin du agerraldia ikerketa-batzordean eta Paco Etxeberriaren azken tesi hori zalantzan jarri du.

Querejetak azaldu du berak bi hobi atera dituela lurpetik eta bi kasu horietan hezur-arrastorik izan ez zela. Beraz, "bi hilobi horietan hezurrik inoiz egon ez dela da zentzuzko arrazoi bakarra", nabarmendu du.

Aipatu kasuetan "hezurren erabateko desagertzea justifikatzeko" bestelako zirkunstantziarik izan ez zela gaineratu du. "Egoera normaletan, bi kasu hauetan bezala, hezurrek degradazio prozesu bat pairatzen dute, baina ez dira desagertzen", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea