Gizartea -
BIZKAIA
Adingabe bat atxilotu dute Bedian, autoarekin ertzain bat harrapatzen saiatzeagatik
Atxilotutako gazteak 17 urte ditu eta adingabekoen zentro batera eraman dute. Abiadura handian eta substantzia estupefazienteak erretzen zihoan, eta autoaren atzeko aldean ume bat zeraman.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 17 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo Bedian, autoarekin agente bat harrapatzen saiatu izana leporatuta. Abiadura handian eta substantzia estupefazienteak erretzen zihoan, eta autoaren atzeko aldean ume bat zeraman.
Gertakariak 20:00ak aldera gertatu ziren, Lemoa inguruan. Abiadura handian zihoala ikusita, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailuari geldiarazteko agindu zion, baina gidariak ez zuen jaramonik egin, eta agenteetako bat harrapatzen saiatu zen. Azken horrek bazterbidera salto egin behar izan zuen.
Berehala, autoaren atzetik abiatu ziren eta Bedian geldiarazi zuten. Segurtasun Sailak azaldu duenez, gidariak beste pertsona bat zela esan zien hasieran, baina identifikatu zutenean, egiaztatu ahal izan zuten ez zuela gidabaimenik -18 urte baino gutxiago baitauzka-, autoaren asegurua iraungita zuela eta, gainera, substantzia estupefazienteak erretzen ari zela.
Halaber, ibilgailuaren atzealdean emakume bat zihoan, magalean haurtxo bat zeramala.
Horrez gain, adingabeen zentro batean sartzeko bere aurkako ebazpen judizial bat indarrean zegoela egiaztatu zuten.
Gauzak horrela, 17 urteko mutila atxilotu egin zuten eta gaur goizean adingabeentzako zentro batera eraman dute.