Gizartea -

Kukutza kasua

Kukutzako istiluetan atxilotu bat zauritzea egotzi diote ertzain bati

Carlos Hernandez Salhaketako bozeramaileak esan duenez, Poliziaren esku-hartzea dela eta auzibidean aurrera egin duten 52 kasuetako bat da. Ehun salaketa baino gehiago jarri dituzte kasu honegatik.

Kukutzako istiluen irudia. Argazkia: EITB
Kukutzako istiluen irudia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaiaren zain utzi dute asteazken honetan, Bilboko 10 zenbakiko Instrukzio Epaitegian, ertzain baten kontrako auzia. Bilboko Kukutza gaztetxea irailean husten aritu zen ertzainari atxilotu bat zauritzea egotzi diote.

Kukutzako jendeak hamar urte baino gehiago zeramatzan eraikin bat okupatzen, Bilboko Errekalde auzoan, jabeek eraikina botatzeko eskatu arte. Istilu larriak izan ziren hura jendez hustean.

Asteazken honetan egindako ahozko saioan, fiskalak esan du ez dagoela auzipetua kondenatzeko froga nahikorik, eta aske uzteko eskatu du, 'in dubio pro reo' oinarri juridikoa ezarrita. Horren arabera, zalantzak egonez gero, frogarik ez dagoenean, auzipetuaren alde egiten da.

Akusatuaren abokatuak ere aske uzteko eskatu du. Zauritutako gaztearen legezko ordezkariak, aldiz, 1.200 euroko isuna jartzearen alde egin du, bere bezeroari eragin zizkion kalteengatik.

Gazteak galdeketan azaldu duenez, agenteak tinpanoa puskatu zion "belarrondoko batez" abenduaren 23an, hondeatzeko makinak gaztetxeko lekuan azaldu ziren egunean, Kukutza eraistearen aurkako manifestaziora zihoanean.

Arartekoa: "Poliziaren esku-hartzea ez zen proportzionala izan"

Carlos Hernandez Salhaketako bozeramailea Justizia Jauregian izan da ahozko saioagatik, eta "positibotzat" hartu ditu Iñigo Lamarca arartekoaren hitzak; Ertzaintzaren esku-hartzea ez zela “proportzionala” izan eta Ertzaintzak oraindik gai horri buruzko galdera batzuei erantzun ez diela esan zuen Arartekoak.

Zentzu horretan, Hernandezek adierazi du "oso larria" dela Ertzaintzak Arartekoak eskatutakoari ez erantzutea, horretara "behartuta" baitago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea