Gizartea -
Indarkeria matxista
Benidormen izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur-biharretan
Biktima Soraluzekoa (Gipuzkoa) zen sortzez, baina Elgoibarren bizi izan zen. Han egingo dute, gaur bertan, hilketa salatzeko bilkura. Bihar, berriz, jaioterrian antolatu dute. Soraluzeko alkateak adierazi zuenez, biktima "ezaguna" zen herrian eta albisteak "atsekabea" sortu du.
EITB Media
Benidormen (Alacant) atzo izandako emakume gipuzkoar baten hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan. Elgoibarren —han bizi izan zen biktima hainbat urtetan zehar— gaur, asteartearekin, egingo dute bilkura, eta Soraluzen —hangoa zen sortzez emakumea— bihar, asteazkenarekin.
68 urteko emakume soraluzetarra hilotz topatu zuen atzo Benidormeko Udaltzaingoak, bikoteak Alacanteko herrian zuen etxean. Espainiako Poliziaren arabera, 73 urteko senarrak hil zuen labanaz. Ondoren, betiere ikerlarien arabera, bere buruaz beste egin zuen autoa kamioi baten kontra jota.
Soraluzeko Udalak bere "salaketa gogorrena" egin du, eta biharko, asteazkenarekin, elkarretaratzea deitu; 19:00etan izango da Plaza Berrian.
Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak Euskadi Irratian esan duenez, emakumea "ezaguna" zen herrian, gaur egun bertan bizi ez bazen ere. Hilketak "atsekabea eta nahigabea" eragin ditu udalerrian, aitortu duenez. "Soraluzetarrei biktimaren familiari elkartasuna eta laguntza emateko dei egiten diet", nabarmendu du.
Bestalde, Elgoibarko mugimendu feministak gaitzespen bilkura egingo du gaur, asteartearekin.