Gizartea -

ZALDIBAR

Europako Batzordeak ontzat eman du beste behin Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egindako jarduera

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi duenez, Bruselak Eusko Jaurlaritzaren jarduera bermatu du, bai administrazio baimenei eta gertakariaren aurreko kontrolari dagokienez, bai ondorengo jarduketei dagokienez.

Langileak luizia gertatu zen lekuan lanean, Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Langileak luizia gertatu zen lekuan lanean, Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Langileak luizia gertatu zen lekuan lanean, Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak bigarrenez esan du Jaurlaritzak ondo jokatu zuela Zaldibarko zabortegian izandako luizian, ez baitu ingurumenari eta osasun publikoari buruzko legediaren urraketarik antzeman. Hala adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. 2020ko otsailean izandako luizian bi langile hil ziren hondakinen azpian harrapatuta: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran.

"Argi dago Europar Batasunak bigarren aldiz esan duela Jaurlaritzak ondo jokatu zuela bai istripuaren aurretik, bai ondoren", esan du Tapiak, baina gogoratu du prozesu judiziala irekita dagoela, ingurumenean kalte handiak eragin zituelako. Azpimarratu duenez, oraindik aztertu beharreko hainbat gai daude. "Beraz, prozedura guztia luzea izango da", adierazi du, "baina Jaurlaritzaren jarrera berresten du txosten honek", gaineratu du.

Carlos Alonso Ekologistak Martxan taldeko abokatuak egin zion eskaera Europako Parlamentuari, Ermuko San Lorentzo auzo elkartearen eta Zaldibar Argitu plataformaren izenean. Zehazki, erakunde horri eskatu zion ikertzeko ea Zaldibarko zabortegian Europar Batasuneko legea urratu ote zen hondakinen kudeaketari dagokionez.

Eskaera horren ondotik, Europako Batzordeak txosten bat egin zuen, eta bertan ondorioztatu zuen ez zela arau hausterik izan. Europako Parlamentuaren Eskaeren Batzordeak, hala ere, ikerketa irekita mantentzea erabaki zuen, eta luiziari buruzko informazio gehiago eskatu zion Europako Batzordeari.

Bigarren erantzun horretan, Tapiak adierazi du batzordeak ondorioztatu duela eskuduntza duten agintariek ez dutela Europar Batasuneko legeria urratu. Hala, Europako Batzordeak Jaurlaritzaren jarduera bermatzen duela azaldu du administrazio-baimenei eta gertakariaren aurreko kontrolari dagokienez, baita larrialdiari aurre egiteko eta ingurumen-kalteak saihesteko ondorengo jarduketei dagokienez ere.

Sailburuaren esanetan, Ricardo Environment enpresak egindako kanpo-auditorian eta Batzordeak berak Eusko Jaurlaritzari eskatutako informazioan oinarritu da Europako Batzordea txostena egiteko.

Prozesu judiziala sekretupean dago, baina Tapiak azaldu duenez, Batzordearen jakinarazpenean aipatzen da 2018ko egonkortasun-azterlan bat dagoela, zabortegian arazoak zeudela agerian uzten zuena, eta Eusko Jaurlaritzari ezkutatu zitzaiona. "Orain, ikerketa prozesuan ikusi da txosten hori bazegoela, eta Jaurlaritzari ezkutatu egin zitzaiola", adierazi du sailburuak.

2021eko urritik likidazio prozesuan dagoen Verter Recycling enpresak Eusko Jaurlaritzari ordaindu behar dion diruaz galdetuta, Tapiak esan du oraingoz ez duela ezer ordaindu, eta zorra itzultzeko prozedurari ekin zaiola. "Hartzekodunen konkurtsoan dago, eta, beraz, orain konkurtso-administraritzak kudeatu behar du gaia", adierazi du.

Adituen bi txostenen arabera, zabortegiaren zigilatze sisteman egindako akatsek eragin zuten 2020ko otsailaren 6ko hondamendia Zaldibarren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ermua Eusko Jaurlaritza albisteak Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak Elorrio Zaldibar Ekologia azken ordukoa Harri-jausiak Durangaldea albisteak