Gizartea -

Sendagaiak

Amoxizilina pediatrikoaren hornidura "datozen egunetan" berrezartzea espero du AEMPSek

Osasun Ministerioak ziurtatu du arazo teknikoak konpondu direla bi laborategietan, eta loteak merkaturatzen ari direla dagoeneko. Hori bai, ohartarazi du ekoizpen arazoak arnas infekzioen hazkundearekin batera etorri direla, eta horrek hornidura atzeratu dezakeela.

Farmazia bateko apalak. Argazkia: Pxhere.
Farmazia bateko apalak. Argazkia: Pxhere.
Farmazia bateko apalak. Argazkia: Pxhere.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amoxizilina pediatriko antibiotikoaren horniduran izandako arazoek sendagai horren eskasia eragin dute farmazietan azken egunotan, eta horrek kezka sortu die osasun langileei, pazienteei eta familiei. Igande honetan Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) jakinarazi duenez, "datozen egunetan" egoera normaltasunera itzuliko dela uste dute, baina nabarmendu du horniduran izandako arazoak arnas infekzioen intzidentziaren gorakadarekin batera etorri direla eta, beraz, gora egin duela eskaerak ere; horrek atzeratu egin dezake zenbait farmaziatara sendagaia normaltasunez iristea. 

Arazoa duela bi aste sortu zen, medikamentu horren merkatu-kuota handiena duten Espainiako bi laborategik, Sandozek eta Normonek, produkzioan arazoak zituztela jakinarazi zutenean (etiketa-lerroko arazoak eta prospektuen horniduraren atzerapenak, hurrenez hurren); arazo tekniko horien ondorioz, atzerapen garrantzitsuak izan dira ekoizpenean nahiz horniduran.

AEMPSek adierazi duenez, arazo tekniko horiek konpondu dira dagoeneko bi laborategietan, eta farmazia-kanala etenik gabe hornitzen ari dira dagoeneko. Gainera, sendagai horiek merkaturatzen dituzten beste laborategi batzuei ekoizpena handitzeko eskatu zaie, beharrak ahalik eta lasterren asetzeko.

Horren handia izan da eragina, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) farmaziei zuzendutako gomendio batzuk argitaratu zituela azaroaren 18an, paziente guztien tratamendua bermatzeko. Gainera, behar izanez gero, farmazialariek aurkezpen baten ordez beste bat jarri ahal izateko prozedura gaitu zuen, kasu bakoitzean profesional medikoak adierazitako dosia errespetatuz.

Antibiotikoek ez diete birusei aurre egiten

Espainiako Sendagaien Agentziak gogorarazi duenez, amoxizilina, gainerako antibiotikoak bezala, bakterio-infekzioetarako bakarrik da eraginkorra, eta ez dira inola ere infekzio birikoetarako erabili behar, "alferrikakoak izateaz gain, mikrobioen aurkako erresistentziak agertzea errazten baitute".

Bai ospitaleetan, bai osasun zentroetan, medikuaren aginduz, diagnostiko azkarreko probak egin daitezke goi mailako arnas traktuko infekzioetarako, birikoak edo bakterianoak diren zehazteko eta osasun profesionalek kasu bakoitzean sendabide egokiena zein den zehaztu dezaten.

Amoxizilina hornitzeko arazoen egoera hori, Espainian ez ezik, Europako hainbat herrialdetan ere gertatu da, hala nola Herbehereetan, Portugalen, Frantzian edo Norvegian, eta antzeko arrazoiengatik, gainera. Estatu kide bakoitzeko agintari eskudunak eta Sendagaien Europako Agentzia (EMA, ingelesezko sigletan) modu koordinatuan ari dira lanean arazoaren eragina gutxitu, eta etorkizunean egoera horiek prebenitzeko neurri zuzentzaileak identifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Haurtzaroa albisteak Sendagaiak Farmaziak