Gizartea -

Gipuzkoa

Aretxabaletako udaltzain bat zigortu eta kaleratu dute aldageletan bi lankide grabatzeagatik

Zehazki, zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote agenteen irudiak grabatzeagatik arropa aldatzen ari zirenean. Zigorra urriaren 3an ezarri zitzaion, eta otsailaren 28an Udalbatzak erabaki zuen udaltzaina ez dela lanera itzuliko.

Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aretxabaletako Udalak bertako udaltzain bat kaleratu du, bi agenteren irudiak grabatzeagatik zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diotelako, aldageletan arropa aldatzen ari zirela.

Urriaren 3an ezarri zioten intimitatearen aurkako delitu baten egile izateagatik ezarritako zigorra, Fiskaltza, akusatua eta defentsa ados jarri ondoren. Gainera, helegiterik ez jartzea adostu zuten, eta, ondorioz, epaia irmoa da.

Epai judizialaren arabera, akusatuak, "Aretxabaletako Udaltzaingoaren polizia-etxean bere eginkizunak betetzen ari zenean" eta "bere lankideen intimitatearen aurka egiteko asmoz", "kamuflatutako tablet bat jarri zuen motxila baten barruan, estrategikoki" kokatuta, "aipatutako komisariako aldagela partekatuan".

Epaileak gertakarien kontakizunean zehazten duenez, lankide batek tableta aurkitu zuen, eta, horren ostean, egiaztatu zuten inputatuak biak filmatu zituela arropaz aldatzen ari zirenean.

Epaitegiak 1.200 euroko isuna ezarri zion poliziari, eta kartzelan sartzetik salbuetsita geratu zen, bi urte baino gutxiagoko zigorra ezarri ziotelako. Zigorra datozen bi urteetan etenda egongo dago, betiere akusatuak epe horretan deliturik egiten ez badu berriro.

Joan den otsailaren 28an, Bergarako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak sententzia eman eta ia bost hilabetera, Aretxebaletako Udaleko osoko bilkurak erabaki zuen dagoeneko espedientea zabalik zuen udaltzaina "ez itzultzea bere lanpostura, hori biktimen aurkako indarkeria instituzionala izango zela ulertuta".

Udalak adierazpen instituzionala egin du gaur, "bertako langile batek egindako eraso matxistaren gaitzespen irmoa" adierazteko eta "erasoak jasan dituzten emakumeei eta haien ingurukoei babesa" helarazteko. EAJk gobernatzen du Aretxabaletan, eta EH Bildu oposizioko alderdi bakarra da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Aretxabaleta Matxismoa Feminismoa Debagoiena