Gizartea -

Murrizketak osasun arloan

425 sendagai finantzaketa publikotik kenduko ditu Osasun Ministerioak

Neurri hau abuztutik aurrera sartuko da indarrean, eta, horri esker, 458 milioi euro aurreztuko dituzte, Ana Mato Osasun ministroak azaldu duenez.

Lurralde arteko Osasun Batzarra. Argazkia: EITB
Koordainketa igandean hasiko da, Euskadin izan ezik

01:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Mato Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroak eta erkidegoetako Osasun arduradunek 425 sendagai abuztutik aurrera finantziazio publikotik kentzea erabaki dute, ondorioz, hilabete horretatik aurrera herritarrek sendagai horien zenbateko osoa ordaindu behar izango dute.

Osasun Sistema Nazionaleko lurralde arteko Batzordean hartutako neurri hori dela eta, finantzatutako zerrenda gaurkotu da lehenengo aldiz duela 10 urtetan. Halaber, neurri honek gaixo kronikoentzako salbuespenak jasotzen ditu, baita "medikuek erabakitzen duten kasu horietan ere", Matok azaldu duenez. Erabaki horrekin 458 milioi euro aurreztea aurreikusi dute.

Lau ordu baino gehiago iraun duen bileraren ostean, finantzaketa publikoa izateari utziko diotenak 19 talde terapeutikotako 425 sendagai izango direla erabaki dute. Halere, sendagaien zerrenda noizean behin berrikusten joango dira.

Ministroaren esanetan, horiek ez dituzte sintoma ahulei aurre egiteko sendagaiak direlako hautatu, ezta kostu txikiagoa dutelako ere, "ondorio terapeutiko baxuagoa eskaintzen dutelako" baizik, eta "gaixotasun larriagoentzako sendagai berritzaileen aldeko apustua egiteko aukera" izango dela nabarmendu du.

Koordainketa berria, prestUztailaren 1ean indarrean sartuko den koordainketa farmazeutiko berriaren inguruan zintzilik geratzen ziren ezaugarriak ere zehaztu dituzte bileran. Horren harian, Matok erkidegoei legala dena betetzera behartuta daudela esan die. Halaber, Eusko Jaurlaritzak koordainketa berriari uko egiteko bultzatutako araudia argitaratuta ikustera itxarongo duela azaldu du, akzio legalen bat hartu ala ez erabakitzeko.

Halaber, koordainketa berriak ezarritako muga (hilean 8 edo 18 euro errentaren arabera) gainditzen duten pentsiodunen diru-itzultzea "azkartzea" eskatu die kontseilariei, hiru hilean edo sei hilean behin emateko.

Orain arte politika farmazeutikoan hartutako neurrien bitartez, Osasun Ministerioak 2.200 milioi euro aurreztea aurreikusi du, baita Osasun Sistema Nazionalaren egonkortasuna eta unibertsaltasuna bermatzea ere.

Bengoak ez du Osasun dekretuaren zati bat aplikatzea baztertuRafael Bengoa Osasun sailburuak ez du baztertu Osasun dekretuaren zati bat Euskadin aplikatzea, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez.

Bengoak Gobernuaren jarrera kritikatu du erkidegoen inguruko erabakiak eurek zer pentsatzen duten jakin gabe hartu dituelako. "Erabaki zentralizatuak hartzen ari dira autonomia erkidegoen gain eta ez autonomia erkidegoekin", azaldu du.

Halaber, bere gain solidarioa ez dela esatea deitoratu du "egunero irtenbideak emateko lan egiten ari garenean, baita estatu mailan ere". Bere hitzetan, hartzen ari diren neurriekin bat ez dagoela esatea onartzen du, baina ez "solidarioa ez" dela. Etorkizunean sendagaien zerrendaren inguruko neurria Euskadin ezarriko den galdeginda, Bengoak esan du oraindik "goizegi" dela horri erantzuteko, eta erabakitzeko prozesuan ez dela partaide sentitu gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea