Gizartea -

EZBEHARRA

Aretxabaletako 25 urteko gazte bat hil da istripuz, Vietnamen

Urtarrilean Greziara joan eta handik Asia hegoekialdera jo zuen motoan bidaiatzeko asmotan. Espainiako Enbaxada harremanetan dago jada familiarekin, behar duten laguntza emateko.

25 urteko gipuzkoar bat hil da motor-istripu batean Vietnamen

01:09

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, 25 urteko gazte euskaldun bat hil da istripuz, Vietnamen.

Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak berak baieztatu du gaztearen heriotza. Antza denez, bi hilabete zeramatzan oporretan Vietnamen eta laster itzultzeko zen. Duela 10 aste edo hasi zuen bidaia, bakarrik, Asiako mendebaldean motorrez bidaiatzeko nahikoa diru aurreztu eta gero.

Vietnamera iritsi aurretik, Grezian ibili zen urtarrilean eta handik Asiarako bidea hartu zuen, motorrean bisitatuz Tailandia, Singapur, Bali eta Vietnam.

Argitu gabeko arrazoiak direla medio, moto istripua izan zuen atzo eta bertan hil zen. Senideen ingurukoek ETBri jakitera eman diotenez, ez dakite nola gertatu zen istripua eta ospitalera eraman ote zuten.

Espainiako Atzerri Ministerioak ere baieztatu du albistea eta Vietnamen duten Enbaxada hildakoaren familiarekin harremanetan jarri dela jakinarazi du beharrezko izapide guztietan laguntzeko. Udalak ere laguntza osoa eskaini die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak Albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Aretxabaleta albisteak Asia azken ordukoa Debagoieneko azken ordukoa