Gizartea -

Haurtzaroa eta nerabezaroa

Umeei emandako tratu txarrekin lotutako 100 salaketa baino gehiago jaso ditu Zeuk Esan zerbitzuak

Haurtzaroari eta nerabezaroari arreta eskaintzeko Eusko Jaurlaritzako zerbitzura deitu du ama kopuru handi batek, euren seme-alabak pairatzen ari diren bullying egoeragatik kezkatuta. Bestalde, iaz jasotako dei gehienak 16 eta 17 urte bitarteko gazteenak izan dira.

Haurtxo bat, jolasten. Argazkia: EITB MEDIA
Haurtxo bat, jolasten. Argazkia: EITB MEDIA
Haurtxo bat, jolasten. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurasoek nahiz tutoreek haurrei emandako tratu txarrekin lotutako 100 salaketa baino gehiago jaso ditu Zeuk Esan haurtzaroari eta nerabezaroari arreta eskaintzeko Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak. Gehienak (86) helduek egindako salaketak izan dira, eta bakarrik 18 biktimek beraiek egindakoak izan dira. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Politika Sozialeko Sailaren menpe dagoen Zeuk Esan zerbitzuak 2022ko txostenean jasotako datuak dira.

Zeuk Esan telefonoak iaz jasotako deiak 1.319 izan ziren, horietatik 527 adingabek egindakoak izan ziren, 484 helduek eta 47, berriz, profesionalek egindakoak.

Kepa Torrealdea psikologo klinikoa eta Zeuk Esan zerbitzuaren koordinatzaileak azaldu duenez, 0 eta 18 urte bitartekoentzako zuzenduta dago zerbitzua, baina 12 urtetik gorako haurren deiak bereziki jasotzen dituzte. Gainera, esan duenez, deigarria da amek egindako dei kopurua, euren seme-alabak pairatzen ari diren bullying egoeragatik kezkatuta.

Zeuk Esan zerbitzura ikastetxeetako irakasleek ere deitu dute, "ikasleen artean jarrera susmagarriak atzematen dutenean bereziki, gazteak gogogabetuta dabiltzalako edo etxean zeozer gertatu zaielako". Zerbitzu horretan gizarte langileekin hitz egiten dute, psikologoekin, eta zenbaitetan, abokatuekin.

Zeuk Esan zerbitzuaren esku-hartze gehienak telefono bidez dira, baina baita online, Instagram nahiz posta elektroniko bidez. Azken horiek 12 orduko epean erantzuten dira (24 ordutan asteburua bada). Kontsulta ohikoena telefonoren bitartez izaten da. 527 adingabek deitu zuten iaz: horietatik 328 dei 16 eta 17 urte arteko gazteek egindakoak izan ziren, 161 dei 12 eta 15 urteko bitartekoek egindakoak, eta 38 dei 12 urtetik beherako haurrek.

Adingabeei "entzuten diete, erabakiak hartzeko gomendioak eman, eta euren arazoaren gakoak aurkitzen lagundu", Torrealdeak azaldu duenez. Sarritan, "barrukoa husteko eta lasaitzeko baino ez" dute deitzen.

Euren ahotsan "larritasuna" atzematen dutenean, profesionaletara bideratzen dituzte adingabeak, eta oso ezohiko kasuetan, Ertzaintzara (iaz bakarrik bi), esaterako, suizidio saiakera edo gurasoen partetik utzikeria egoera atzematen denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak