Gizartea -

Larrialdi klimatikoa

Aurrekaririk gabeko muturreko beroak eta lehorte orokorrak markatu zuten Europako klima 2022an

Copernicusek argitaratutako txosten baten arabera, 2022a bigarren urterik beroena izan zen Europan, eta iazko uda ere kontinenteko beroena izan zen. Gainera, Artikoak seigarren urterik beroena izan zuen erregistroak daudenetik.

Gainazaleko airearen batez besteko tenperaturaren anomaliak 2022an zehar. Argazkia: Copernicus
Gainazaleko airearen batez besteko tenperaturaren anomaliak 2022an zehar. Argazkia: Copernicus
Gainazaleko airearen batez besteko tenperaturaren anomaliak 2022an zehar. Argazkia: Copernicus

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu osoan, azken zortzi urteak beroenak izan dira erregistroak daudenetik. Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuak gaur argitaratu duen Europako Klimaren Egoerari buruzko urteroko txostenaren arabera, munduko karbono dioxidoaren eta metanoaren urteko batez besteko kontzentrazioak satelite bidez inoiz neurtu diren mailarik altuenetara iritsi ziren iaz.

Txostenak ondorioztatzen duenez, gainera, Europak udarik beroena izan zuen erregistroak daudenetik, eta muturreko hainbat fenomenok larriagotu egin zuten, hala nola bero bolada gogorrek, lehorteek eta baso sute handiek. Europako kontinenteko tenperaturak munduko batez besteko tenperaturen bikoitza igotzen ari dira, besteetan baino azkarrago.

Tenperaturak Europan: errekorrak eta eragina osasunean

Tenperaturaren igoera adierazle klimatiko garrantzitsua da, eta agerian uzten du klima-aldaketa Europan. Datuek erakusten dutenez, azken bost urteotan Europako batez besteko tenperatura industriaurreko arokoa (1850-1900) baino 2,2 ºC altuagoa izan da; hala, 2022a Kontinente Zaharreko bigarren urterik beroena izan zen.

Gainera, iazko uda Europan inoiz izan den beroena izan zen, batezbestekoa baino 1,4 °C beroagoa. Txostenak ohartarazi duenez, udaberriaren eta udaren amaierako muturreko beroak baldintza arriskutsuak eragin zituen gizakien osasunerako, eta, udako hilabeteetako bero boladen ondorioz, Europako hegoaldean "estres termiko oso gogorra" izan zuten egunen kopuruaren marka hautsi zen.

Lehortea: euririk eta elurrik eza

Europan 2022an izan zen gertaera klimatiko esanguratsuenetako bat lehorte orokortua izan zen. 2021-2022ko neguan, Europako zati handi batek ohikoa baino elur egun gutxiago izan zituen; eremu askotan, 30 egun gutxiago.

Udaberrian, prezipitazioak batezbestekotik beherakoak izan ziren kontinentearen zati handi batean, eta maiatzean prezipitaziorik txikienak erregistratu ziren hilabete horretarako erregistroak daudenetik. Uda osoan zehar izan ziren prezipitazio urriek, aparteko bero boladekin batera, lehorte orokor eta luzea eragin zuten, eta hainbat sektoreri eragin zien, hala nola nekazaritzari, ibaiko garraioari eta energiari.

Ezohiko tenperaturak Artikoan

Artikoan aldaketa zorrotzak izaten ari dira. Artikoko tenperaturak planetako gainerako leku gehienetan baino askoz azkarrago egin du gora. 2022a Artikoan erregistraturiko seigarren urterik beroena izan zen, eta laugarren urterik beroena izan zen Artikoko eremu lehorretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Europa bideoak Eguraldia Donostia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Bero-boladak albisteak Larrialdi klimatikoa albisteak Ur murriztapenak Euskadin