Gizartea -

gertakariak

Bi gazte atxilotu dituzte Amurrion, polizia-txakur batek lapurreta bateko dirua aurkitu ostean

Dirua komun bateko armairu baten barruan zegoen ezkutatuta. Gaizkileek milaka euro lapurtu zituzten auto batetik.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Txakurren Unitateko txakur batek bi gaztek Amurrion (Araba) egindako lapurreta bateko dirua berreskuratu du. Lapurrek auto batetik maletatxo bat lapurtu zuten, dokumentazioa eta "milaka euro" zituena, antza, negozio bateko diru-bilketa batena. Ustezko lapurrak (18 urtekoak) atxilotu egin dituzte, eta Amurrioko Guardiako Epaitegira eramango dituzte gaur.

Atzo, asteazkena, goizeko lehen orduan jazo zen gertakaria. Amurrion aparkatutako ibilgailu batean indarrez lapurreta egin zutela jakinarazi zioten poliziari. Gazteek maleta bat lapurtu zuten autoaren barnetik, eta hainbat dokumentu, diru asko eta beste zenbait gauza zituen.

Laudioko ertzain-etxean ikerketa operazioa jarri zuten martxan berehala, eta 18 urteko bi gazte identifikatu zituzten, ustez lapurretarekin zerikusia zutelakoan. Susmagarriak herriko etxebizitza batean aurkitu zituzten, eta gertatutakoa argitzeko prest ez zeudela ikusita, agenteek Ertzaintzaren Txakur Unitatearen laguntza eskatu zuten. 

Ertzaintzaren txakur batek, Izarrek, lapurtutako diruaren zati handi bat aurkitu zuen etxebizitzako komunaren armairu baten barruan ezkutatu zuten diru-zorro batean. Gainerako dirua etxebizitzaren inguruan aurkitu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Ertzaintza Laudioko albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Lapurretak albisteak Aiaraldea