Gizartea -

Eguraldia

Tenperaturei dagokienez "ohiko" uztaila izan dugu Euskal Herrian, iazkoa baino 1,5 gradu freskoagoa

Euskal Herriko zazpi estazio meteorologiko adierazgarrienen batez besteko tenperatura 20,22 °C-koa izan da, balio leuna da Espainiako Estatuko eta munduko beste txoko batzuekin izan den sargoriarekin alderatuta.

Aurtengo uztaileko batez besteko tenperatura 20,22 °C-koa izan da. EITB Media
Aurtengo uztaileko batez besteko tenperatura 20,22 °C-koa izan da.
Aurtengo uztaileko batez besteko tenperatura 20,22 °C-koa izan da. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten euskal labeldun uztaila izan dugula esan lezake baten batek: oro har, eguzkia baino gehiago ikusi ditugu hodeiak, eta tenperatura epelak izan dira nagusi, Espainiako Estatuan eta mundu zabalean ez bezala. Izan ere, amaitu berri dugun hilabetea historiako beroena izan liteke, Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuko (C3S) ERA5eko datuen arabera. 

Herritarren artean zabal dabilen sentsazio hori datu objektiboekin alderatu nahi izan dugu, eta Euskal Herriko meteorologia agentzia batzuek jaso dituzten batez besteko tenperatura datuak bildu ditugu. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako zazpi estazio adierazgarrienen aurtengo eta iazko balioak aztertu eta alderatu ditugu. Zehazki, honakoak dira: Paganos (Guardia, Arabako Errioxa) eta Gasteiz, Araban; Zorrotza (Bilbo), Bizkaian; Arrasate eta Miramon (Donostia), Gipuzkoan; Iruñea, Foru Erkidegoan, eta Hendaia (Lapurdi), Ipar Euskal Herrian. 

2023ko batez besteko tenperatura 20,22 ºC-koa izan da, iazkoa (21,71 ºC) baino 1,49 gradu txikiagoa. Arrasaten (Gipuzkoa) izan dute bi urteen arteko alde handiena —2,11 gradukoa—, eta Hendaian (Lapurdi) txikiena —gradu pasatxokoa, 1,05—. 

Barnealdeko eta kostaldeko beste bi estazioren datuak erkatuta, Iruñekoa eta Donostiakoa esaterako, argi ikus daiteke egunez eguneko datuaren bilakaera eta urteen arteko aldea: 

Dena dela, konparazioekin zuhurrak izan behar gara. Izan ere, iazko uztaila "serie historikoko bigarren edo hirugarren beroena izan zen" (2006koa izan zen sargoriena, eta 2013ko marka berdindu zuen 2022koak), Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak hilabete horretan egindako hileko txostenaren arabera. 2022ko uztailak egun bero asko izan zituen, eta hainbat beroaldi izan ziren. Bereziki zakarra izan zen hilaren 11tik 18ra erregistratukoa: 43 ºC-ko maximoak utzi zituen eta pertsona bat hil zen Bizkaian bero-kolpe bat tarteko. 

Aurtengo uztailean, aldiz, apenas egon da abisurik muturreko tenperatura altuengatik (batez ere Nafarroan hainbatetan izan dira 40 ºC-tik gorakoak) eta batez besteko tenperaturak leunak izan dira, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan azaldu duenez. "Tenperatura fresko horiek oso ohikoak dira Euskadin, uste duguna baino ohikoagoak. Aurten uztaila normalagoa izan da", zehaztu du. 2022ko uztaila, ordea, "tenperatura aldetik ikaragarri ezohikoa izan zen". 

Aurtengo "freskura" gorabehera, Arandak ohartarazi du klima aldaketaren eraginak izan duela ondoriorik tenperaturetan. Horren esanetan, itsasoa berotzen ari da azken hamarkadetan, eta, ondorioz, kostaldeko tenperatura ez da lehen bezala jaisten. "Horrek EAEko eguraldiaren egoera errotik aldatzen du", azaldu du. Eman dituen datuen arabera, itsasoko tenperatura 22-23 graduan izan da, baina 25 graduak ere harrapatu ditu noiz edo noiz. "Jende asko kexu da, batez ere kostaldean, gauean bero egiten duela eta; eskerrak eguneko tenperaturak ez diren asko igo", ohartarazi du. 

Xabi Casado (Eguraldia): ''Eguzki orduak % 20 jaitsi dira kostaldean uztailean''
Xabi Casado (Eguraldia): ''Eguzki orduak % 20 jaitsi dira kostaldean uztailean''
Xabi Casado (Eguraldia): ''Eguzki orduak % 20 jaitsi dira kostaldean uztailean''

0:00
OHARRA: Eduki honek grafiko interaktibo bat du. Aplikaziotik kanpo behar bezala ikusteko, egin kilk hemen.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Bilbo Donostia Iruñea Alerta meteorologikoak Hendaia Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Bero-boladak Larrialdi klimatikoa