Gizartea -

Azaroak 25

Gazteek ez dezaten sexua indarkeriarekin lotu, elkarlanerako deia egin dio Jaurlaritzak gizarte osoari

Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunari begira, Nerea Melgosaren Sailak egindako kanpainak pornografian jarri du fokoa aurten eta prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, “gazteen arteko sexu-indarkeria saihesteko”.

Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. EFE.
Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.
Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunari begira, adierazpen instituzionala egin du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ahotik. Gazteek sexua ez dezaten indarkeriarekin, mendekotasunarekin eta emakumeentzako jarrera umiliagarriarekin lotu, elkarrekin lan egiteko deia luzatu dio gizarte osoari.

Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi ditu eta, indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi izan du.

Aurten, pornografian jarri nahi izan du begirada Jaurlaritzak eta prebentzioaren garrantzia azpimarratu du; batik bat, "gazteen arteko sexu-indarkeria saihesteko kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharra" aipatu du.

Melgosak adierazi duenez, teknologiaren aurrerapenak eta Interneterako sarbide goiztiarrari esker, oso gaztetatik hasten dira nerabeak eduki pornografikoak ikusten. "Eduki horietako eszenen % 88k baino gehiagok emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa" dutela jakinarazi du eta horrek "emakumeenganako indarkeriazko jarreren normalizazioa eta erotizazioa eta emakumeen kosifikazioa" sortzen dituela azaldu du; "neskek menderatuak izaten eta mutilek menderatzaile izaten" ikasten dutela azpimarratu du.

Eduki hauek "sexu-erasoen haztegi garrantzitsua" direla eta, ondorioz, sexu harremanetan "enpatiaren ordez botere-harremanak ezartzen" direla uste du Jaurlaritzak. Horregatik, gizarte osoari egin dio deia bakoitzak bere alea jarri dezan: erakundeei, hezitzaileei, komunikabideei, entretenimenduaren sektoreari, familiei...

Berdinaldia, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren aldeko herri ituna, aipatuz, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du sailburuak. Gazteak "berdintasunaren belaunaldi bihurtu" nahi duela adierazi du.

Azkenik, larunbatean, azaroaren 25ean, indarkeria matxista publikoki gaitzesteko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Indarkeria matxista Espainian Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak