Gizartea -
Ingurumena
Euskadi "ekintzarako mekanismoak" diseinatzen ari da pinportak kostaldera iristeko mehatxuaren aurrean
Erantzuteko mekanismo horiek Eusko Jaurlaritzak jarriko lituzke martxan, "behar izanez gero, arrantzaleen kofradien federazioekin lankidetzan". Gainera, plastikozko pinporten isuria monitorizatzeko beharrezkoak diren simulazio-ereduak egiteko eskatu dio Gobernuak Aztiri.
EITB Media
Eusko Jaurlaritza "ekintzarako mekanismoak" diseinatzen ari da plastikozko pelletak Euskadiko kostaldera iristeko mehatxuaren aurrean, kutsadura Galiziatik Asturiasera hedatu ondoren.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azaldu duenez, erantzuteko mekanismo horiek Gobernuak jarriko lituzke martxan, "behar izanez gero, arrantzaleen kofradien federazioekin lankidetzan".
Sare sozialen bidez, Tapiak iragarri du material horrek ingurunean sor lezakeen toxikotasunari buruzko informazio zehatza eskuragarri izan dezaketela astearte honetan. Gainera, plastikozko pinporten isuria monitorizatzeko beharrezkoak diren simulazio-ereduak egiteko eskatu dio Jaurlaritzak Azti zentro teknologikoari.
Espainiako Estatuko Ingurumen alorreko Fiskaltzak izapideak zabaldu ditu, Galiziako kostaldean barreiatu den mikroplastikoen isuria ikertzeko. Itsasontzi batetik isuritako plastikozko pinportak Asturiasko itsasertzeraino iritsi dira.
Abenduaren 8an, Portugalgo uretan, Viana do Castello parean (iparraldea), zebilela Toconao itsasontziak milioika pelletekin betetako sei edukiontzi galdu zituen. Urte amaieran milaka plastikozko bolatxo azaldu ziren Galiziako kostaldean, eta alerta fasearen lehen maila (larritasun txikiko egoeretarako aurreikusita dagoena) ezarri zuen Xuntak urtarrilaren 5ean.
Itsasontziaren armadoreak emandako datuen arabera, itsasora eroritako edukiontziak plastikozko bolatxoen mila zaku zituen; 25.000 kilo inguru plastiko izan litezke itsasora eroritakoak. Txingor ale moduko pinportak dira eta plastikoa egiteko erabiltzen dira.
Talde ekologistak oso kezkatuta agertu dira egoerarekin, eta berehala hasi dira antolatzen; dozenaka boluntario lanean ari dira, plastikoak erretiratzen.
Bien bitartean, Angeles Vazquez Galiziako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Ingurumen kontseilariak jakinarazi du Xuntak baztertu egin duela alerta maila 2. fasera igotzea. Gainera, pelletak biltzea "modu ordenatuan" egiteko deia egin du (ehunka ekologista eta boluntarioak ari dira lan horretan).
Alejandro Calvo Asturiasko Gobernuko Sustapen, Toki Kooperazio eta Suteei aurre egiteko kontseilariak Istripuzko Itsas Kutsadurari aurre egiteko Lurralde Plana (Placampa, gazteleraz) aktibatu du, bere kostaldean (ekialdea, Galiziatik gertu) mikroplastikoak azaldu direla eta.
Era berean, Kantabriako Gobernuak Babes Zibileko Larrialdietarako Lurralde Planaren (PLATERCANT) aurrelarrialdi fasea martxan jarri du, Kantauri mendebaldeko kostaldean isuriak aurrera egin duelako.
Oraingoz, ez da plastikoen arrastorik agertu euskal kostaldean, baina Oihane Cabezas-Basurko AZTI zentro teknologikoko ikertzaileak ohartarazi du litekeena dela pelletak aste gutxi barru euskal kostaldera iristea.
Marinella Farre Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileak esan du plastikozko pelletak "Kantauriko kostalde osora" irits daitezkeela, eta "ahalik eta lasterren" kentzeko eskatu du, "kalte handiagoa" saihesteko. "Erlojupeko lasterketa da", ohartarazi du.