Gizartea -

Abisu horia haizeagatik

Hiru hegaldi bertan behera eta bost atzeratuta gaur Bilboko Aireportuan, haize gogorra dela-eta

Haizeak indarra galdu du azken orduetan, baina, halere, 111 km/h-ko ufadak neurtu dira Urduñan (Bizkaia). Atzo, haizeteen ondorioz, 41 hegazkin ezin izan ziren aireratu eta 10 beste aireportu batzuetara bideratu behar izan zituzten. Gainera, 474 gorabehera eragin zituen haizeak EAEn.

Bilboko Aireportua. Artxiboko irudia: EFE
Bilboko Aireportua.
Bilboko Aireportua. Artxiboko irudia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegoaldeko haize zakarraren ondorioz, Bilboko Aireportutik goizean goiz atera behar ziren hiru hegaldi bertan behera geratu dira, eta beste bost atzeratu behar izan dituzte. 

06:45ean, Madril, Frankfurt eta Amsterdam jomuga zuten hiru hegaldi irten behar ziren, baina, esan bezala, ez dira aireratu. Horrez gain, Londresera, Zurichera, Sevillara eta Malagara doazen hegaldiak beranduago atera dira. 

Atzo eragina handiagoa izan zen; izan ere, 41 hegaldi bertan behera geratu ziren eta 10 beste aireportu batzuetara bideratu behar izan zituzten. Gainera, EAEn, 496 gorabehera izan ziren haizeteen ondorioz

Gauak aurrera egin ahala, haizea baretzen joan da —03:00ak arte zegoen indarrean abisu horia—, eta 120 km/h-ko langatik jaitsi dira ufadak. Goizaldean, Bizkaian neurtu dituzte bortitzenak, Euskalmetek bere estazioetan bildutako datuen arabera. 

Zehazki, Urduñan 111 km/h-ko abiadura hartu du haizeak. Hortik behera, 110 km/h-ko ufadak neurtu dira Matxitxakon (Bermeo) eta 106 km/h-koak Galean (Getxo). 

(Informazioa osatzeko lanean ari gara)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bizkaia Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak