Gizartea -

Indarkeria matxista

Karguekin aske utzi dituzte sexu-erasoa eta emakume bat atxikitzea egotzita Donostian atxilotutako bost lagun

Seigarrena aske utzi dute, kargurik gabe. Donostiako Udalak gaitzetsi egin du erasoa, eta elkarretaratzea deitu du larunbat eguerdirako.

Donostiako Udaltzaingoak atxilotu ditu ustezko erasotzaileak. Argazkia: EFE
Donostiako Udaltzaingoak atxilotu ditu ustezko erasotzaileak. Argazkia: EFE
Donostiako Udaltzaingoak atxilotu ditu ustezko erasotzaileak. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak karguekin aske utzi ditu Donostian emakume bati sexu-erasoa egitea, lapurtzea eta atxikitzea egotzita azken orduetan atxilotutako sei gizonetako bost. Seigarren atxilotua kargurik gabe aske utzi dute, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Salaketa ostegunean jarri zuen emakumeak, eta sei atxilotuak epailearen aurretik igaro dira, baina ikerketak irekita jarraitzen du, erasoaren nondik norakoak argitu eta atxilotuen inplikazioa argitzeko. 

Emakumeak jarritako salaketaren aurrean, Udalak ohar instituzionala kaleratu du, emakumeak jasandako sexu-erasoa "erabateko irmotasunez gaitzesteko"

Udalak "babesa eta elkartasuna" agertu dizkio "eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere", eta "indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei" jakinarazi die "laguntza behar eta nahi izanez gero Udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela".

Oharraren arabera, "mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde".

Adierazpen instituzionalean gaineratu dutenez, "beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela".

Udalak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du. Larunbatean, otsailak 17, egingo dute, 12:00etan, Alderdi Ederren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako informazioa Tratu txarrak gaur Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Matxismoa gaur Sexu erasoak