Gizartea -
Luizia
Bi etxebizitza hustu eta GI-3361 errepidea itxi dute Hondarribian, 2-3 hilabeterako, luizi baten ondorioz
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, goizaldean, 02:30ean, 100 metro inguruko luizia izan da Higer itsasargirako bidean. Familietako batek etxera itzuli ahal izango du.
Agentziak | EITB Media
Gaur goizaldean, luizia izan da Hondarribiko (Gipuzkoa) mendi-hegal batean. Ondorioz, bi etxebizitza hustu dituzte eta GI-3361 errepidea itxi dute bi noranzkoetan. Guztira sei lagunek utzi behar izan dute etxea. Iluntzean, baimena eman diote lur-jausia izan den tokitik urrutien dagoen etxebizitzako bizilagunei bertara itzultzeko; ez, ordea, beste etxekoei. Astean zehar garbiketak lanak amaitu ondoren, berriro aztertuko da egoera bizilagun horiek ere itzul daitezkeen edo ez erabakitzeko.
Errepidea, berriz, hurrengo bi edo hiru hilabeteetan egongo da itxita, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, inguruaren segurtasuna bermatu arte.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 02:30ean, 100 metro inguruko luizia izan da Higer itsasargirako bidean, azken egunotan izandako euri-jasen ondorioz. Lur asko eta harri handiak eraman ditu arrastaka luiziak, 120 tona inguruko hiru harri, tartean.
Hondarribiko Udalak ostatua eman die etxea utzi behar izan duten sei lagunei. Goizean, gainera, bilera egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko ordezkariekin egoera aztertzeko.
Igor Enparan alkatearen esanetan, "guztion segurtasuna bermatzea da lehentasuna". "Euriak jarraitzen badu, egoerak okerrera egiteko aukera dago", gaineratu du.
Azterketa teknikoa egin ondoren, eta segurtasun arrazoiak tarteko, Ramon Iribarren pasealekua ere ixteko erabakia hartu du Udalak. Higer itsasargiaren inguruan bizi direnak soilik igaro ahalko dira bertatik. Herritarrei "arduraz" jokatzeko deia egin diete Udaletik, eta inguru horretara benetan beharrezkoa bada soilik gerturatzeko eskatu diete.