Gizartea -

LAPURDI

Auzitegi batek Hendaiako hondartzan nudismoa egiteko debekua baliogabetu du

Paueko auzitegi administratiboak naturisten aldeko epaia eman du, Udalak 2021ean emandako debekuaren aurka helegitea aurkeztu ostean.

Ondarraitzeko hondartza, Hendaian. Argazkia: Jose Mari Vega.
Ondarraitzeko hondartza, Hendaian. Argazkia: Jose Mari Vega
Ondarraitzeko hondartza, Hendaian. Argazkia: Jose Mari Vega.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paueko auzitegiak bertan behera utzi du Kotte Ecenarro Hendaiako alkateak 2021eko uztailaren 6an hondartzan ezarritako naturismoaren debekua.

Frantziako Naturismo Federazioak, Mugimendu Naturistak eta Naturismoa Askatasunean Sustatzeko Elkarteak helegitea jarri zuten 70eko hamarkadatik herriko hondartzan onartutako praktika horren debekuaren aurka, eta astelehenean Paueko auzitegi administratiboak naturisten aldeko epaia eman zuen.

Hendaiako alkateak, gainera, 3.000 euro ordaindu beharko dizkie helegitea aurkeztu zuten elkarteei, epaiak jasotzen duenez.

Astearte gauean igorritako prentsa-ohar batean, Udalak adierazi zuen "erabakia aintzakotzat" hartzen duela eta "udal-dekretu berri bat" emateko asmoa duela. Horretarako, elkarte naturistei kontsulta egingo diela adierazi du, "publiko guztientzat konponbide egokiak eta onargarriak aurkitzeko".

Udalak justifikatu egin du dekretu hori hartu izana "hondartzako erabiltzaileen iruzkin eta eskaera ugariei erantzuteko, batetik, eta Marin ospitaleko pazienteak eta zaintzaileak babesteko, bestetik, zaintza- eta lan-tokiaren inguruan egiten den naturismoaren aurrean".

Gauzak horrela, herriko hareatzaren ekialdeko muturrean naturismoa legezko praktika da berriz ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hendaia Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak