Gizartea -

Turismoa

Butroe Gazteluak bisita gidatuak eskainiko ditu

Bisitak ekainean hasiko ei dira, eta 12 euroko prezioa izango dute. Aldi berean, zaharberritze lanak egingo dituzte eraikinean.

Butroe Gaztelua
Butroe Gaztelua
Butroe Gaztelua

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakunde pribatu batek Gatikako udalerrian kokatutako Butroe Gaztelua zaharberritzeko obrak hasiko ditu datorren asteetan. Lanek bi urte eta erdi iraungo dute eta, aldi berean, bisita gidatuak eskainiko dituzte gazteluaren barnealdea ezagutarazteko, baita berritzapenaren prozesua erakusteko ere. 

Hasiera batean, bisitak ekainean hasiko lirateke, obren garapenen arabera, publikoari ibilbide seguru bat eskaintzeko. Gaztelurako bisitak taldeka antolatuko dira, 10 pertsonako taldeetan, eta egunero bi eskainiko dira, goizez zein arratsaldez. Prezioa 12 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko. 

Jabeek ezagutarazi duten bezala, erreforma Veronica Quintanilla Crespo arkitektoak zuzenduko du. Haren taldeak egindako analisiak erakutsi du eraikinaren egoera "nahiko ona" dela.

Oraindik ezezaguna da erakunde pribatuak eraikuntzari emango dion erabilera, baina horren irudi historikoa ez du aldatuko, ez kanpoaldea, ez barnealdea. Ahalik eta gauza gutxien aldatzeko lanak izango dira, batez ere euriak sortutako filtrazioak eta beste hainbat arazo konpontzeko. Hezetasunak eta urak landareen eta algen hazkundea areagotu dute, eta materialen galera eta gazteluaren egituretan orbanak eta karea agertzea eragin dute.

Zaharberritzea gauzatuko duen taldeak gaztelua babestea du helburu, baina ez hori bakarrik, "monumentuaren edertasuna eta osotasun estrukturala, dokumentala eta historikoa" goratzea ere bai.

Gazteluak XIII. mendean du sustraia, eta Butroe familiak, Bizkaiko garrantzitsuenetariko batek, eraiki zuen. Bizkaiko hiriburutik 20 minutura kokatuta, Butroeko Gaztelua gotorleku defentsibo gisa erabili zen gatazka garaietan eta bizileku bikain bezala bake garaietan.

XVI. mendearen hasieran gaztelua abandonatu egin zuten, eta ondorioz, hondatu egin zen, baina XIX. mendearen amaieran Torrecillako markesak berritu egin zuen, eta gaur egun duen itxura eman zion.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea