Gizartea -

Euskara

Seaskako ikasleek euskara hutsean egin ahalko dituzte Brebetako azterketak

Galderak ere euskaraz idatzita egongo dira. Frantziako Hezkuntza Ministerioak jakinarazi dio neurria Euskararen Erakunde Publikoari, eta zehaztu Seaskako ikasleek soilik izango dutela aukera hori. Seaskak dio "albiste ona" dela, baina ez dagoela datorren urteetarako bermerik.

Azterketak euskaraz egitearen aldeko pankarta. Argazkia: EITB
Azterketak euskaraz egitearen aldeko pankarta. Argazkia: EITB
Azterketak euskaraz egitearen aldeko pankarta. Argazkia: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brebetako azterketak euskara hutsean egin ahalko dituzte Seaskako ikasleek kurtsoa amaitzean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak Euskararen Erakunde Publikoari bidalitako gutun batean baieztatu duenez.

Hori horrela, euskararen erabilera murrizteko hartutako azken erabakiak bertan behera utzi ditu Ministerioak, eta, ondorioz, Brebetako azterketa euskaraz egin ahalko dute murgiltze ereduan ari diren ikasleek, alegia, Seaskako ikasleek. Sare elebidunean ikasten dutenek, izan publikoan, izan pribatuan, ez dute aukera hori izango.

Beraz, Hezkuntza Ministerioak onartu duenez, azterketak euskaraz egiteko aukera izateaz gain, ariketen enuntziatuak ere euskarara itzuliko dituzte. Seaskaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren aldarrikapen nagusietako bat zen hori.

Era berean, Baxoaren zati bat ere euskaraz egin ahal izango da.

"Berri ona"

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak esan du "berri ona" dela atzo iritsitako hori, eta albiste ona dela gaia Hezkuntza ministroaren mahai gainean egotea. Hala ere, zehaztu du Ministerioak aurtengo azterketetara mugatu duela neurria eta ez dagoela bermerik datorren urteei begira.

"Fabore gisa onartzen digute, eta hori baino urrunago joan behar dugu. Behin betiko finkatu behar dugu euskaraz ikasten dutenek azterketak euskaraz egiteko eskubidea", azpimarratu du Jorajuriak Euskadi Irratiko mikrofonoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iparraldea Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Frantziako Gobernua