Gizartea -

Thailandiatik etxera

Thailandiatik Gurutzetara ekarri duten bizkaitarra larri dago baina egonkor

Ebakuazio zail baten ostean, etxetik gertu dago azkenean Alex Garcia, pankreatitis batek jota egoera oso larrian Thailandian hilabete ospitaleratuta egon ondoren. Osasun Sailak ohar bidez zabaldu duenez, kontziente dago eta haren bilakaeraren zain egon beharko da.

Alex Garcia ekarri duen hegazkina, lur hartzen. Argazkia: EFE
Alex Garcia ekarri duen hegazkina, lur hartzen
Alex Garciak eskuarekin keinua eginez eskerrak eman ditu Gurutzetako Ospitalera iristean

0:38

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Thailandian larri gaixotutako Alex Garcia bizkaitarra Euskal Herrira ekartzeko Espainiako Defentsa Ministerioak bidalitako hegazkin medikalizatua arratsaldean iritsi da Loiuko aireportura. Handik, anbulantzian eraman dute gaixoa Gurutzetako Ospitalera.

Ebakuazio zail baten ostean, etxetik gertu dago azkenean, pankreatitis batek jota egoera oso larrian Bangkokeko SamitivitSukunbit Ospitalean hilabete ospitaleratuta egon ondoren. 

18:20 pasatxo zirenean heldu da aireportura, Espainiako Aire Armadako Aeroebakuazio Unitate Medikoko hegazkinean hamabi orduko hegaldia egin eta gero. Behin Loiura iritsita, Osakidetzako anbulantzia bat eta mediku espezialistak zituzten pistan zain. Bertan, lehen eskuko informazioa jaso dute sendagileek, Gurutzetara eraman aurretik.

Hain zuzen ere, aipatu ospitale hori aukeratu dute, Loiutik gertuen dagoen erietxea delako. 

Hegazkina heldu deneko momentua. Argazkia: EFE

Osakidetzako Larrialdietako Lurralde Unitateak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman du zuzenean, bertako Zainketa Intesiboetako Unitatean (ZIU) arta dezaten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, talde medikoak ohiko familia-harrera egin eta euren senidearen egoeraren berri eman diote familiari. Une honetan, pazientea kontziente eta klinikoki egonkor dago, duela bi hilabetetik prozesu larria jasaten ari bada ere. 19:30ean ospitaleratu dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean, Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean tratamenduarekin jarraitzeko. Pronostikoa larria du, eta horren bilakaeraren zain daude.

Etxeratzea "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak

Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak nabarmendu du "arrakastatsua" izan dela Alex Garciaren "etxeratzea", eta operazioan parte hartu duten taldeei eskerrak eman ondotik adierazi du Alex osatzea dela orain garrantzitsuena.

Aurreikuspenen arabera, Espainiako Defentsa ministro Margarita Robles hegazkinean bidaiatu duten sendagileei harrera egitekoa zen gaur 20:00etan.

36 urteko bizkaitarra beste bi aldiz saiatu zen Euskal Herrira bueltatzen, baina saiakera haiek ez zuten arrakastarik izan. Horren aurrean, familiak Espainiako Gobernuari eskatu zion laguntza, Alex hiltzeko arriskuan zegoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Espainiako Gobernua bideoak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak Thailandia gaur