Gizartea -

BIZKAIKO LURRALDE AUZITEGIA

Basurtuko Ospitalean haur bat lapurtu zuela onartu eta gurasoei barkamena eskatu die auzipetuak

Fiskaltzak 4 urte espetxe-zigorra eskatu du auzipetuarentzat, legearen aurkako atxiloketa delituagatik. Akusazio partikularrak, aldiz, 7 urte kartzela eskatu du, adin txikiko bat bahitzea eta abandonatzea egotzita.

Bizkaiko Auzitegia, gaur. Argazkia: EFE
Bizkaiko Auzitegia, gaur
Bizkaiko Auzitegia, gaur. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizean hasi da Bilboko Basurtuko Ospitalean haur bat lapurtu eta bahitu zuen emakumearen kontrako epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Auzipetua bera izan da lehendabizikoa deklaratzen, eta hasieratik onartu du leporatzen zaiona: haurra lapurtu eta eraman egin zuela aitortu du, eta erangindako minagatik, barkamena eskatu die gurasoei. "Ez zen hori nire asmoa", esan du, oso hunkituta. Bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die, oso modu laburrean.

Ondoren, haurraren gurasoek hartu dute hitza. Malkoei ezin eutsita, biek azaldu dute laguntza psikiatrikoa behar izan dutela gertakari hark sortutako "traumari eta sufrimenduari" aurre egiteko. "Proba bat egiteko eraman behar zuela haurra esan zidan. Neuk hartu nuen umea eta bere eskuetan utzi nuen", kontatu du amak.

2022ko urriaren 19an gertatu zen, Basurtuko Iturrizar eraikinean. Osakidetzako langileen arropa jantzita zuen emakume bat amatasun unitateko logela batera sartu zen, eta haur jaioberri bat eraman zuen, proba bat egin behar ziola esan ondoren umearen amari.

Ikerketen arabera, lagun baten etxean igaro zuen gaua jaioberriarekin, eta hurrengo goizean, Santutxu auzoko etxebizitza baten atarian utzi zuen haurra, onik. Ondoren, bere burua Ertzaintzaren esku utzi zuen eta atxilotu egin zuten. Deklarazioa hartu eta gero, behin behinean aske geratu zen, eta bere borondatez ospitale psikiatriko batean sartu zen.

Fiskaltzak 4 urte espetxe-zigorra eskatu du auzipetuarentzat, legearen aurkako atxiloketa delituagatik. Emakumeak umea bere kabuz itzultzea aringarri gisa hartzeko eskatu du Ministerio Publikoak.

Bere aldetik, akusazio partikularrak (umearen gurasoek) 7 urteko kartzela eskatu du, adin txikiko bat bahitzea eta abandonatzea egotzita.

Bi aldeek 12.000 euroko kalteordaina ere eskatuko dute umearen gurasoentzat, eragindako kalte moralengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea albisteak