Gizartea -

Protestak

Mobilizazioak Palestinaren alde eta Israeli boikota egitea aldarrikatzeko, Nakba egunean

Bilbon, Donostian eta Gasteizen 19:00etan izan dira protestak, eta Iruñean, berriz, bart gauerdian.

Mobilizazioa Bilbon. Irudia: BDZ
Mobilizazioa Bilbon. Irudia: BDZ
Mobilizazioa Bilbon. Irudia: BDZ

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritarrek, kolektibo profesionaletako kideek eta hainbat elkartek parte hartu dute asteazken honetan, Nakba eguna, Hego Euskal Herrian Palestinaren alde egin diren mobilizazio garrantzitsuetan, Israeli boikota egiteko eskatuz. Bilbon, Donostian eta Gasteizen 19:00etan izan dira protestak, eta Iruñean, berriz, bart gauerdian.

Elkarretaratzea Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Irudia: BDZ

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek eta langileek manifestazio bat egin dute, "Palestinako askatasunaren eta Israeli boikota egitearen alde", EHUko Ingeniaritza Eskolatik, 18:00etan, eta Bilboko Moyua plazan amaitu da, 19:00etan.

Bertan elkartu dira, kolektibo bakoitza bere pankartarekin, --denak Israeli boikota egitea eta Palestinaren askatasuna eskatuz—tartean, nekazariak, arrantzaleak, Osakidetzako langileak, kolektibo feminista, Ongi Etorri Errefuxiatuak edo Bilboko Konpartsak.

Ertzaintzako furgoneten begiradapean, manifestariak errepidera atera dira, eta martxa bat hasi dute Moyua plazaren inguruan.

Iruñeko martxa bart. Irudia: Samidoun Euskadi

Iruñean, mobilizazioa 00:00etan izan da, eta zuzi eta kandelekin martxa isil batek Nafarroako hiriburuko erdiguneko kaleak zeharkatu ditu gauean, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatuari zigorrak ezartzea eskatzeko.

BDZ plataformak (Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) deituta, ekintza honekin "1948ko maiatzaren 14tik 15erako gaua" gogorarazi nahi izan dute, "tropa britainiarrak Palestinatik irten zirenean, Israelgo okupazio indarrei bidea libre utziz".

"Israelen inpunitatea betikotzen duten konplizitateei aurre egiteko eta Palestinako herriari askatasunaren eta biziraupenaren aldeko borrokan babesa emateko" ekintzarako deia egin du BDZk ohar batean.

Era berean, "Gazak bizi duen genozidioari amaiera" ematea aldarrikatzeko, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek bat egin eta mobilizazio dei bateratua egin dute datorren ostiralerako, maiatzak 17.  'SOS Rafah-STOP genozidioa' goiburupean, 12:00etan elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herri osoko lantokietan eta hiriburuetan.

Dinamika honek jarraipena izango du larunbatean Iruñean, Basotxo kaletik 12:30ean abiatuko den manifestazio batekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Israel Palestina Manifestazioak Giza eskubideak Ekialde Hurbila