Mundua -

AEB

3 hildako eta 140 zauritu Bostongo maratoian, hainbat eztandatan

Gertatutakoaren "erantzun guztiak" ez dituztela onartu du Obamak.

Leherketak Bostoneko Maratoian. Argazkia: EiTB
Leherketak Bostoneko Maratoian. Argazkia: EiTB
Hiru lagun hil eta dozenaka zauritu dira Bostonen, bi leherketatan

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hiru pertsona, tartean 8 urteko ume bat, hil dira, eta 140tik gora zauritu Bostongo maratoian, hainbat leherketatan, Massachusettsen (AEB).

Bostongo Poliziak bi lehergailu gehiago zartarazi ditu, kontrolpean. Hirugarren bat ere izan da, JFK liburutegian. ''Ez gaude ziur gertaera hauek guztiek elkarrekin zerikusia duten'', esan du Bostongo Poliziak. Leherketa guztiak ikertzen ari dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 23.326 korrikalarik parte hartu dute maratoian, eta 4.496 helmuga gurutzatu baino lehen geratu dira; izan ere, leherketak helmugatik gertu izan dira.

Lekukoen arabera, lasterketako helmugatik gertu izan dira leherketak, Fairmont Copley Plaza hotelean. Hotela itxi egin dute. Boston Herald egunkariko berriemaile batek bi leherketak segundo gutxian gertatu direla azaldu du.

 

boston maraton

Bostoneko Polizia eta anbulantziak leherketen ostean. EFE

Obama: "Oraindik ez dugu erantzunik"

Bostonen gertatutakoari buruz "erantzun guztiak" ez dituztela onartu du Barack Obama AEBetako presidenteak, baina agintariek "nork" eta "zergatik" egin duen argituko dutela ohartarazi du.

Obamak agerraldia egin du Etxe Zurian, baina ez du gertatutakoaren inguruan xehetasunik eman: "Oraindik ez dugu erantzunik", esan du. Gobernuak Bostongo agintarien esku "beharrezko baliabide guztiak" jarriko dituela agindu du AEBetako presidenteak.

Obamaren hitzetan, "gertatutakoa argituko dugu, eta nork eta zergatik egin duen jakingo dugu". "Ondoriorik" azkarregi ez ateratzeko eskatu du presidenteak. Zentzu horretan, leherketen egileek epaileek aurrean amaituko dutela hitzeman du Obamak.

Barack Obama AEBetako presidenteak ikerketan laguntzera bideratu ditu ahaleginak. Presidenteak Bostongo alkatearekin eta Massachussetseko gobernadorearekin hitz egin du, Gobernuaren laguntza eskaintzeko.

Segurtasun neurriak

New Yorkeko eta Washingtongo Poliziek segurtasun neurriak areagotu dituzte hirietako toki garrantzitsuenetan.

Espainiako herritarrik ez

Ez dago espainiarrik zaurituen eta hildakoen artean, Espainiako Kontsulatuak baieztatu duenez.

Jaieguna

Bostongo maratoia "munduko ospetsuena da", eta gaurkoa jaieguna zen, antolatzaileen esanetan. Aurtengoa Bostongo maratoiaren 117. edizioa da. World Marathon Majors zerrendako lasterketetako bat da, New York, Chicago, Berlin eta Londreseko maratoiekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea