Mundua -

Dokumentazioa

Zer da sarin gasa?

Arma kimikoa da, hasiera batean pestizida gisa asmatu bazen ere, eta nerbio sistemari eragiten dio. Giharrak uzkurtzen ditu etengabe, eta arnas aparailuko giharretara iristean, heriotza eragiten du

Manu Gimenez / eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela hilabete batzuk Siriako gatazka gogortu zenetik, alarma guztiak piztu dira berriro arma kimikoen ustezko erabilera dela eta. Siriako oposizioak behin baino gehiagotan salatu du Gobernuak arma kimikoak erabili dituela. Azkeneko salaketa abuztuaren 21ean izan zen, oposizioaren arabera 1.200 pertsona baino gehiago hil baitzituzten sarin gasarekin. Gobernuak gezurtatu egin zuen.

Baina, zer da sarin gasa eta nola eragiten du gizakiengan?

Sarina, berez, likido bat da, kolorerik eta usainik ez duena, baina gas moduan erabiltzen da arma kimiko gisa eta nerbio sistemari eragiten dio (iturria: Wikipedia). Nazio Batuen Erakundeak emandako ebazpen batean suntsipen ahalmen handiko armen artean sartu zuten, arma kimiko edo biologiko guztiak bezalaxe, eta 1993tik debekatuta dago sarina ekoiztea edo gordetzea.

Baina hasieran sarin gasa ez zen arma moduan erabiltzeko asmatu, pestizida gisa asmatu baitzuten 1939an, Alemanian.

Material horrek pertsonengan duen eraginari dagokionez, nerbio sistemari eragiten dion agente bat denez, giharrak etengabe uzkurtuta eta dardaraka egotea eragiten du. Bihotzari ere kalte egiten dio, arritmiak sortuz, esfinterren kontrola ere galtzen da, eta birikak urez betetzen dira. Ondorioz, gasa arnastu eta minutu gutxira asfixiagatik hiltzen da gizakia. Heriotza eragiten ez duen kasuetan, ondorio larriak uzten ditu burmuinean.

Gas horren biktimak atzemateko, sintoma argienak neurriz kanpo izerditzea eta begi ninien uzkurdura dira.

Informazio gehiago:

- Zer dira arma kimiko eta biologikoak?

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea