Mundua -

Israelen

Hiru susmagarrik gazte palestinarraren hilketa aitortu dute

Iturri polizialen arabera, gertakaria mendekaldia izan zen; astelehenean, hiru gazte israeldar hilik aurkitu zituzten, tirokatuta. Bi palestinar hil dira Israelgo abiazioaren eraso batean.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Abu Judeir Palestinako gaztea hiltzea egotzita atxilotu zituzten sei israeldarretatik hiruk krimenean parte hartu zutela aitortu dute, Israelgo Poliziako iturriek Haaretz egunkarian jakitera eman dutenez.

16 urteko Abu Judeir bizirik erre zuten, antza denez, mendeku bezala; izan ere, Israelgo hiru kolono gazte ekainaren 12an, Hebronetik gertu, bahitu eta hil zituzten. Judeirren gorpua Jerusalemgo basoan aurkitu zuten, iragan asteazkenean.

Sei atxilotuak Shin Bet zerbitzu sekretuaren esku daude. Terrorismo susmagarriek hamar egun inkomunikatuta eman ditzakete Israelen, eta epailearen baimenarekin epea 21 egunetara arte luza dezakete. Poliziak ez du kargurik aurkeztu behar epe horretan.

Poliziako eta inteligentziaren iturriek zehaztu dutenez, susmagarriak gazte batzuk dira, horietako zenbait adingabeak, Beit Shemesh hirikoak (Jerusalemetik gertu dago hiri hori) eta okupatutako Zisjordaniako Adam kolonia judukoak.

Iturri polizialek esan dute hilketa mendakaldia izan zela. Izan ere, aurreko astelehenean hiru gazte israeldarren gorpuak aurkitu zituzten, tirokatuta, Hebron hiri palestinarretik gertu. 19 egunez egon ziren desagertuta hiru gazteak.

Ikerketan zehar zabaldutako datuen arabera, atxilotuak 9 urteko Musa Zalum umea bahitzen saiatu ziren Jerusalemeko Beit Haina auzo arabiarrean. Hori Mohamad Abu Jedeir nerabearen desagerpena eta hilketa jazo baino egun bat lehenago izan zen.

16 urteko nerabearen gorpua asteazkenean aurkitu zuten, Mendebaldeko Jerusalemeko baso batean, Shuafat auzoan desagertu ostean. Auzo hori hiriko ekialdean dago.

Bi palestinar hilda, Israelgo abiazioaren eraso batean

Al Arabiya telebista kateak igande gauean esan duenez, bi palestinar hil dira Israelgo abiazioak Al Burej errefuxiatuen zelaian egindako eraso baten ondorioz. Gazako Zerrendaren erdialdean dago Zelaya.

Ashraf Al Qedra Zerrendako larrialdietako bozeramaileak esan duenez, bi lagun hil dira, bonbardaketan. Bere aldetik, Israelgo armadak esan du operazioak helburu bat zuela: Israelen kontrako suziri gehiago ez jaurtitzea, Zerrendako erdialdeko terroristengan eraginez.

Egunean zehar 25 suziri baino gehiago bota dituzte, Gazatik, iturri horiek esandakoaren arabera. Guztira, 150 jaurtigai baino gehiago bota dituzte azken hori asteetan; Israelek aire-eraso batzuekin erantzun du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbila