Mundua -

''Txikituta geratu zen''

Eguraldi txarrak eragin zuen hegazkin-istripua, Frantziaren arabera

Kutxa beltzetako bat aurkitu eta Gaora igorri dute. 220 militar daude ezbeharra izan den tokian, hondakinak zaintzen.

Hollande gaur, prentsaurrekoan. EiTB
Hollande gaur, prentsaurrekoan. EiTB
Basamortuan erori da hegazkina

1:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollande Frantziako presidenteak ostiral honetan baieztatu duenez, ‘’ez da inor bizirik irten’’ Swiftair konpainiaren hegazkinaren ezbeharrean. Litekeena da eguraldi txarrak eragin izana istripua, Frantziaren ustetan.

Bernanrd Cazenueve Barne ministroak ziurtatu duenez, eguraldi txarrak eragin zuen Swiftairren hegazkinak Malin izandako istripua, baina argi utzi du ez dutela "inolako hipotesirik" baztertu. "Uste dugu eguraldi txarraren ondorioz izan zuela istripua, baina ezin dugu hipotesirik baztertu ikerketaren emaitzak izan arte", esan du Azenuevek, RTL irratian.

Jakin badakitena da ekaitz gune batetik igaro behar izan zuela hegazkinak. Hala, Jean Bertin Ouedrago Burkina Fasoko Garraio ministroak baieztatu zuen hegazkinak ibilbidea aldatzea eskatu zuen, ekaitz batekin topo egingo zuelako.

Frantziako Barne ministroren esanetan, hegazkina "birrinduta geratu da talka egin duenean"; hori dela eta, hegan egiten ari zela eztanda egitea da "hipotesi nagusia". Halere, gogoratu duenez, "talde terroristak jarduten dira eremu horretan".

"Badakigu talde horiek Mendebaldeko interesen kontrakoak direla", azaldu du eta, gaineratu duenaren arabera, Frantziak "hurbiletik zelatatzen ditu talde horiek".

220 soldadu hondakinak zaintzeko

Hegazkina erabat suntsituta dago, eta hondakinak bederatzi hektareako gunean sakabanatuta. Frantziako, Maliko eta Herbeheretako 220 soldadu daude bertan, hondakinak zaintzen.

Kutxa beltzak

Bi kutxa beltzetako bat aurkitu dute, eta Gao hiriburura igorri dite. Malik, Aljeriak eta AEBk izango dute hori ikertzeko ardura, Aljeriako Garraio ministroak azaldu duenez.

116 lagun barruan

Frantziako 51 pertsona, Burkina Fasoko 24, Aljeriako 6, Kanadako 5 eta Alemaniako 4 zeramatzan hegazkinak, Air Algeriek jakitera eman duenez.Frantziako agintarien arabera, baina, 112 bidaiari zeuden, eta horietatik 54 ziren frantziarrak.

Tripulazioa donostiar batek eta Espainiako beste bost lagunek osatzen zuten, horietako bi Mallorcakoak eta beste hirurak madrildarrak. Era berean, suitzar bat, belgikar bat, kamerundar bat, ukrainar bat, egiptoar bat, nigeriar bat eta maliar bat zihoazen hegazkinean.

Tripulazioko kide donostiarra 28 urteko Raul Montero Rodriguez da, ETBk jakitera eman duenez. Tripulazio kabinako ziurtagiria Deustuko Unibertsitatean lortu zuen Monterok. Swiftair konpainian duela urtebete hasi zen lanean. Lehenago Gipuzkoako hiriburuaren bi hoteletan lan egin zuen.

Elkartasuna

Frantziako presidenteak elkartasuna adierazi nahi izan due die biktimen senideei eta hurbilekoei. Tokiko komunikabideek jakinarazi dutenez, familia bereko 10 kide zihoazen hegazkinean.

Espainiako ordezkaritza

Espainiako ordezkaritza batek hegazkin istripuaren ikerketan hartu du parte, gainerako herrialdeekin batera.

1986. urtean sortutakoa

Soraya Saez de Santamaria Gobernuko presidenteordeak ostiral honetan adierazi duenez, ikuskaritza guztiak beteak zituen hegazkinak, eta egoera onean zegoen.

Swiftair 1986. urtean sortu zuten, baina hasieran kargako hegaldiak besterik ez zuen egiten. 2002. urtetik, bidaiariei zuzendutako hegaldiak ere egiten ditu.

Europan, Afrikan eta Ekialde Erdikoan egiten du lan. Horrez gain, Grezian eta Marokon ere enpresak ditu.

Gaur egun, guztira 400 langile eta 30 hegazkin dauzka, tartean Boeing 727 eta 737, MD83, ATR72/42, Embraer 120 eta Metroliner motakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea