Mundua -

Israelen erasoen ostean

Egunik odoltsuena pairatu dute Gazan 119 hildako eta 500 zauriturekin

Abbasek hondamen-eremutzat hartu du Zerrenda, eta korridore humanitarioak ezartzeko eskatu dio NBEri. Bestalde, AEBk munizioz hornituko du Israel, herrialde juduan duen armategiaz baliatuta.

Biktimen odolak zikindutako anbulantzia, Gazan. Irudia: Efe
Biktimen odolak zikindutako anbulantzia, Gazan. Irudia: Efe
Benjamin Netanyahuk helburua lortu arteko gerra agindu du

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelen hegazkinek eta tankeek 119 palestinar hil eta 500 zauritu zituzten atzo, asteazkena, Gazan, Zerrendan diharduten zerbitzu medikuek informatu dutenez; hortaz, Israelek erasoak hasi zituenetik egunik odoltsuena bizi izan dute palestinarrek.

Ashraf al Qedra Gazako Osasun Ministerioko bozeramalearen arabera, bi oldarraldirik bortitzenak, Israelek Gazan zegoen NBEren eskola baten eta merkatu baten kontra egindakoak izan ziren. Israeli 17tan ohartarazi zioten bertan eskola bat zegoela, emakumez eta haurrez beteta.

"Hogei pertsona hil ziren Yabaliako Abu Husein eskolaren kontra tankeek egindako erasoan, eta beste hogei Shayaiako merkatu publikoaren kontrako erasoan", zehaztu du Al Qedrak bart. Gainera, "beste hogei gorpu jaso dituzte hondakinen artean, Gazako Zerrendako hegoaldean".

Gainera, bozeramalearen esanetan, Israelen erasoak aurreko 8an hasi zirenetik, 1.349 dira hildakoak dagoeneko eta 7.500 baino gehiago zaurituak, gehienak emakumeak eta haurrak.

Hondamen-eremua

Mahmud Abbas Agintaritza Palestina Nazionaleko presidenteak homdamen-eremutzat jo du Gazako Zerrenda, eta Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari korridore humanitarioak ezartzeko behar dituen neurriak hartzeko eskatu dio.

"Zerrendan korridore humanitarioak martxan jartzeko eskatzen diot berroren gorentasunari, laguntza humanitarioa jasotzea eta ematea errazago egiteko eta ihes egin duten familiek babesleku bat izan dezaten", gaineratu du.

AEBk munizioa Israeli

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak onartu du Israelen Armadari munizio gehiago ematea, herrialde juduak eskera egin eta gero, Gazako Zerrendaren kontrako oldarraldian.

CNN telebista-kate estatubatuarrak zabaldutako datuen arabera, Gobernuko iturriak aipatuta, ez da larrialdiko salmenta izan. Esaterako, emango dion munizioa: 120 milimetroko mortero misilak eta granada-jaurtigailurako 40 milimetroko munizioa.

Aipatutako iturriaren esanetan, munizioa AEBk Israelen bertan duen armategitik hartuko du. Armategi horrek 1.000 milioi dolar inguru balio du ( 746 milioi euro inguru).

16.000 erreserbista

Israelgo Armadak 16.000 erreserbista deitu ditu, gaur egun Gazan dauden tropekin bat egin dezaten eta gaur hogeita laugarren eguna duen erasoaldia indartu dezaten, iturri militarrek jakinarazi dutenez.

Armadako iturri baten esanetan, deialdia atzo egin zuten, eta asmoa tropek egun Gazan dauden tropak indartzea eta ordezkatzea da.

Bertoko hedabideen arabera, deitutako azken hauek kontuan hartuta, 86.000 dira guztira oldarraldian parte hartu duten soldaduak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Eguneko albisteak Eguneko albisteak Israel albisteak Palestina Ekialde Hurbila gaur