Mundua -

Eskoziako erreferenduma

Mehatxua erabiltzea leporatu dio Salmondek Londresi

Kataluniarekin alderatuta Eskoziako prozesua adostua dela nabarmendu du Salmondek. Baiezkoak irabazten baldin badu "merkatuek erantzun negatiboa" izango luketela ohartarazi du NDFk.

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusia. Argazkia: EFE
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusia. Argazkia: EFE
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Mehatxua" erabiltzea egotzi dio gaur Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak Erresuma Batuko Gobernuari, erreferendumean baiezkoak irabazten baldin badu Eskoziako banku nagusiak Londresera alde egingo duela ustez ezkutuka zabaltzeagatik.

Kontsulta historikoa egiteko astebete falta denean atzerriko komunikabideen aurrean hitz egin du SNPko buruzagiak. BBC telebista publikoak bart albistearen berri eman zuen, baina Erresuma Batuko Altxor Departamentuak berria isilean hedatu zuela salatu du Eskoziako ministro nagusiak. Horregatik, ikerketa bat eskatu du Salmondek.

RBS bankuko zuzendaritzak bere langileei gutun bat bidali diela azaldu du ministro nagusiak. Egoitzaren aldaketak lanpostuetan eraginik izango ez duela jakitera eman die zuzendaritzak langileei, Salmonden ahotan.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak "Eskoziako herritarren aurka tiro egin du, baina aurpegian eztanda egingo dio ikerketa batekin", adierazi du Salmondek. Gertakari "oso larria" dela salatu du ministro nagusiak.

Gainera, baiezkoak irabaziz gero, "merkatuek epe laburrera erantzun negatiboa" izango luketela eta "zalantzak" sortuko lituzkeela ohartarazi du NDFk.

Katalunia, desberdina

Bestalde, Kataluniarekin alderatuta, Eskoziako prozesua Erresuma Batuko Gobernuarekin adostua izan dela nabarmendu du Salmondek. Hori alde "garrantzitsua" dela erantsi du.

"Beste batzuei edo beste herrialdeei euren arazoak nola kudeatu behar dituzten" esateko ez dela inor adierazi du Salmondek, baina "independentzia erreferenduma egiteko erarik onena Eskozian abiatu dugun prozesua da".

"Prozesua Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuen artean adostu izana erabakigarria da. Bi gobernuak Eskoziaren eta Erresuma Batuaren interesen alde egiten ari dira, alde garrantzitsua da", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako erreferenduma Ingalaterra albisteak