Mundua -

euritakoen iraultza

116 manifestari atxilotu dituzte Hong Kongen

Poliziak atzemandakoen artean 'euritakoen iraultza'ko bi buruzagi daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau mila poliziak baino gehiagok 116 manifestari atxilotu dituzte Hong Kongen, demokraziaren aldeko mugimenduaren hiru asentamenduetako bat husteko operazioan. Atzemandakoen artean 'euritakoen iraultza'ko bi buruzagi daude.

Polizia operazioa duela bi egun hasi zuten, eta gaur bukatu. Hain zuzen ere, Mong Kok auziko asentamendua hustu eta desegin dute. Bertan, manifestariek kaleak itxita zituzten.

Ikasleen Federazioak (iraultzako erakunde garrantzitsuena da) protestak areagotuko dituela ohartarazi du. Orain arte, kaleetan okupazio baketsuak baino ez ditu egin.

Sarekada honetan, protestetako buruzagi nagusietako bi atxilotu dituzte: Joshua Wong eta Lester Shum. Gaua espetxean emango dute, eta bihar epailearenera eramango dituzte.

Manifestariek Admiralty eta Causeway Bay auzoak dituzte oraindik okupatuta. Oraingoz ez dago argi Poliziak horiek ere hustuko dituen.

Txinako Gobernuak Hong Kongeko hauteskunde erreforma iragarri eta hilabetera hasi ziren protestak. Izan ere, Beijingo Gobernuak batzorde baten esku utzi nahi du 2017. urteko hauteskundeetarako hautagaien aukeraketa, eta herritarrek sufragio unibertsala aldarrikatu dute.

100.000 pertsona baino gehiago atera ziren kaleetara lehen egunetan, baina egun ehunka daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea