Mundua -

Presidentetza hauteskundeak

Grezia, hauteskundeen atarian

Parlamentuak bozketa erabakigarria du gaur: Errepublikako presidente izateko hautagaiak 180 boto lortzen ez baditu, hauteskundeak deitu beharko dituzte.

180 aldeko boto behar ditu Dimasek presidente bihurtzeko. EFE
180 aldeko boto behar ditu Dimasek presidente bihurtzeko. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde aurreratuen atarian dago Grezia. Ezusterik ezean, Stavros Dimas Greziako Errepublikako presidentetzarako hautagaiak ez du behar duen babesa lortuko eta, hala, hilabeteko epean, hauteskundeak izango dira herrialde heleniarrean.

Andonis Samaras lehen ministroak hautagaia babesteko azken deia egin zuen larunbatean. Ohartarazi zuenez, Dimas babesten ez duenak Syriza ezker muturreko alderdiaren alde egingo du, hein batean.

"Diputatuek ezingo dute esan ohartarazi ez genituenik", azaldu zuen Samarasek Nerit telebista publikoari eskainitako elkarrizketa batean.

Inkesten arabera, Syriza alderdiak irabaziko ditu hauteskundeak, botoen % 28 eskuratuta. Samaras buru duen alderdi kontserbadoreak eta sozialistek urteetan izan duten gehiengo zabala galduko dute.

Greziako Parlamentuak hirugarren bozketa du gaurkoa. Joan den asteartean, Dimasen aldeko 168 boto erregistratu ziren, lehen bozketan baino 8 gehiago, baina hautatua izateko behar zituen 200 botoetatik urrun.

Azken bozketa honetan 180 aldeko boto behar ditu Dimasek, aurrekoan baino 12 gehiago.

Gobernuak berak baztertu du boto nahikoa lortzea eta, beraz, hauteskundeak deitzeko prozesua jarri du martxan.

Gaurko bozketa galduz gero, Parlamentuak 10 egun ditu ganbera desegiteko eta hiruzpalau asteko epea, hauteskundeak deitzeko. Litekeena da urtarrilaren 25etik otsailaren 1 artean egitea bozak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea