Mundua -

Legez kanpoko trafikoa

Etorkin-trafikatzaileek bost milioi dolar irabazi ohi dituzte

'Ontzi-fantasmak' deituriko ontzietan bidaiatzeagatik 6.000 euro inguru ordaindu behar du etorkin bakoitzak. Ondoren, kostatik hurbil, trafikatzaileek ontziak bertan utzi eta ihes egiten dute.

Behin kostatik hurbil, trafikatzaileek ontzia abandonatu ohi dute. Argazkia: EFE
Behin kostatik hurbil, trafikatzaileek ontzia abandonatu ohi dute. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Ontzi fantasmak' deituriko negozioarekin milioi dolar irabazi ohi dituzte etorkin-trafikatzaileek. Horretarako, ontzi zahar bat merke erosten dute, Europara etortzeko milaka dolar ordaintzera prest dauden etorkinez bete ontzia eta, behin kostatik hurbil, bidaiariak abandonatu egiten dituzte.

'Ezadeen' zamaontzia ostiralean aurkitu zuten Italiako hegoaldeko kostaldetik gertu. Bidaiari gehienak siriarrak ziren, tartean ehunka haur zeuden. Etorkin bakoitzak 6.000 euro inguru ordaindu zuen ontzi horretan bidaiatu ahal izateko.

Aitzitik, milioi euroko irabaziak izan ostean, trafikatzaileek ontzia abandonatu zuten. Italiako kostaren zaintzarako Guardiak bere gain hartu behar izan zuen ontziaren kontrola, eta bidaiariak erreskatatu zituen, 'La Repubblica' egunkariak jakitera eman duenez.

Giovanni Pettorino kosta zaintzeko Guardiaren komandanteak azaldu duenez, trafikatzaileek ontzi zaharrak erosten dituzte, 100.000 euroren truke, eta ondoren etorkinez bete. "Ez dute inolako lotsarik izaten ontzia abandonatzeko, irabaziak oso handiak direlako", adierazi du.

'Ezadeen' kasua, 360 bidaiari zeramatzana, azken asteetan Leccen (Italiako hegoaldean) izandako hirugarren 'ontzi-fantasma' da. Negozio berri horren biktima nagusiak siriarrak dira, eta horren ondorioz kezkatuta daude Italiako eta Europako agintariak.

Izan ere, Dimitris Avramopoulos immigraziorako Europako komisarioak ohartarazi duenez, trafikatzaileek "Europarainoko ibilbide berriak" eta "etsita dauden pertsonak" aurkitu dituzte. "Horrek agerian utzi du Europa mailan ekintza koordinatu eta erabakiorra hartu behar dugula", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer ari da gertatzen Europan?