Mundua -

Terrorismoaren aurkako borroka

Lau lagun atxilotu dituzte Grezian, Belgikako jihadistekin lotuta

Hala ere, atxilotuetako biren ustezko harreman hori ukatu du Belgikako Fiskaltzak igande honetan.

Belgikan aste honetan egindako operazioa. Irudia: EFE
Belgikan aste honetan egindako operazioa. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Poliziak arabiar jatorriko lau pertsona atxilotu ditu, ostegunean Belgikan desegindako talde jihadistarekin harremana izatea egotzita. Polizia operazio hartan, ustezko bi terrorista hil ziren.

Greziako hedabideei egindako filtrazioen arabera, atxilotuen artean dago zelularen burua izan litekeena -27 urteko gizona-, eta berari egozten diote Belgikako taldearen ekintzak koordinatzea.

Belgikako hedabideek baieztatu dutenez, Greziatik telefono deiak egiten zituen gizona Belgikako polizia operazioan hil zirenetako baten anaia da.

Informazio horien arabera, atxilotuta Abdelhamid Abaaoud da, jatorri marokoarra duen belgikarra, Estatu Islamikoaren alde borroka egitera Siriara joana, eta orain Grezian bizi dena.

Poliziak telefono entzuketen bitartez jakin du desegindako zelula jihadistak Belgikan atentatuak egiteko asmoa zuela. Halaber, Poliziak taldearen barruko funtzionamendua nolakoa zen jakin ahal izan du.

Belgikako polizia operazioaren ondotik, bertako Fiskaltzak karguak aurkeztu zituen atzo hamahiru atxilotuetatik bostentzat.

Poliziak Greziako hedabideei egindako filtrazioen arabera, gaur Atenaseko auzo batean atxilotutako gizonaren deskripzioa bat dator Belgikatik bidalitakoarekin.

DNA laginak eta hatz-markak hartu dizkiote atxilotuari, eta material hori guztia Bruselara bidali dute, gizon bera dela egiaztatzeko.

Ez dute gainerako hiru atxilotuen gaineko informaziorik zabaldu, baina in.gr atariaren arabera, ez dago argi jihadistak direnik.

Belgikako Fiskaltza

Bestalde, Belgikako Fiskaltza federalak igande honetan iragarri duenez, atzo Grezian atxilotu zituzten lau pertsonatik bik ez dute Belgikako talde yihadistekin inolako harremanik.

"Greziako Poliziarekin hainbat elementu aztertu ostean, guri dagokigun afera horretan zerikusirik ez dutela baieztatu dezakegu", esan du Fiskaltzaren bozeramaile batek.

Belgikako hainbat komunikabidek argitaratu zutenez, Siriatik etorritako borrokalari jihadista ohi batek gidatzen zuen Greziatik Belgikan ostegunean desegindako talde jihadista.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea