Mundua -

Ezohiko batzarra

Greziaren azken eskaerari erantzuteko bilera egingo du Eurotaldeak

Aste honetan egiten duten bigarren batzarra izango da gaurkoa, eta Batzordeak jada aurreratu du eztabaida “luzea eta zaila” izango dela.

Greziaren zorraren arazoa konpontzeko bilera garrantzitsua Bruselan

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Ekonomia ministroek ezohiko bilera egingo dute gaur, 15:00etatik aurrera, Greziari laguntza finantzarioaren programa sei hilabetez luzatzen dion ala ez eztabaidatzeko. Aste honetan egiten duten bigarren batzarra izango da gaurkoa, eta Batzordeak jada aurreratu du eztabaida “luzea eta zaila” izango dela.

Greziako Gobernu berriak atzo aurkeztu zuen Eurotaldearen aurrean egungo maileguak luzatzeko eskari ofiziala. Gutun bidez, sei hilabeterako laguntza finantzarioa eskatu du. Era berean, Tsiprasen Exekutiboak argi utzi nahi izan du ez duela onartuko austeritate politika gehiago.

Europako Batzordearentzat, eskaria “zantzu positiboa” da Greziaren etorkizunaz akordioa lortzeko. Oso bestelakoa da, baina, Alemaniak emandako erantzuna, ezezko biribila eman baitio. Merkelek ez du ikusten borondaterik programa horren baldintzak betetzeko. Alemaniaren ustez, Greziak erreskatea “oso-osorik” onartu beharko luke.

Eurotaldeko presidenteari igorritako dokumentuan, Yanis Varufakisek aitortu du negoziazioaren abiapuntua egungo erreskate programa izan behar dela.

Greziak hartzekodunekin dituen zorrak oso-osorik itzuliko dituela agindu du Varufakisek, eta Troika osatzen duten erakundeei luzapenaren jarraipena egiteko baimena emango diela gaineratu du. Trukean, murrizketa politika gehiago ez ezartzea eskatu du.

Europako Batzordeak aukera bat eman dio proposamenari, eta horrek nolabaiteko baikortasuna zabaldu du, baina Alemaniak itxaropen oro zapuztu du. Angela Merkelen gobernuak ez du ontzat eman luzapen eskaera, eta dokumentua ez dela argia eta ez duela Eurotaldearekin hitzartutakoa betetzen salatu du. Alemaniak argi utzi du onartuko duen aukera bakarra Greziak erreskate programa bere osotasunean eskatzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako berriak