Mundua -

Astekehenetik zeuden galduta

Amildegi baten barrenean aurkitu dituzte hiru espeleologo espainiarrak

Horietako bat zaurituta dago. Ingurua malkarra denez, litekeena da erreskate-operazioa luzatzea, eta espeleologoek gaurko gaua ere bertan igaro behar izatea.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maroko hegoaldeko inguru menditsu batean aurkitu ditu Marokoko Jendarmeriak duela egun batzuk galdutako hiru espeleologo espainiarrak. Horietako bat zaurituta dago, eta medikuen beharra izango du, espeleologoetako baten emazteak azaldu duenez.

Emazteak Europa Pressi adierazi dionez, espeleologoen bila zebilen helikoptero batek seinaleak egin dizkie, eta eurek erantzun egin dute.

Hasiera batean, helikopterotik bi baino ez dituzte ikusi, baina azkenean hirurak ikusi dituzte. Horietako bat zaurituta dago, baina ez dute jakitera eman nor den eta zein egoeratan dagoen.

"Eskerrak eman nahi dizkiet Marokoko eta Espainiako agintariei, tartean Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari, gurekin zuzenean harremanean egon delako", azaldu du emazteak, "eta esker bereziak eman nahi dizkiet Marokon dagoen familiari eta taldekideei, ez direlako bertatik mugitu."

Bestalde, erreskate-operazioa lurrez egin behar izango dute, soka bitartez, helikopteroak ezin baitira lurreratu espeleologoak dauden inguruan.

Helikopteroa handik 60 minutura geratu, eta erreskate-taldeak oinez joan beharko du espeleologoak dauden lekuraino.

Gainera, parajea menditsua denez, litekeena da erreskate-operazioa luzatzea eta espeleologoek gaua bertan igaro behar izatea.

Astelehenetik galduta

Astelehenean galdutako hiru espeleologoak 41 urteko polizia granadar bi eta 26 urteko cadiztar bat dira. Sevillatik joandako talde bateko kideak ziren, guztira 9 lagun ziren. Astelehenean gainerako kideengandik aldendu ziren, eta asteartean berriro bat egingo zutela hitzeman zuten.

Berririk gabe hainbat egun igaro ostean, taldeko buruak salaketa aurkeztu zuen asteazkenean Marokoko Jendarmerian, eta Espainiako kontsulatuari deitu zion.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea