Mundua -

Batzar historikoa

AEBk eta Kubak harremanak bideratu dituzte Obama-Castro bilerari esker

AEBko presidentearen hitzetan, Kuba "ez da mehatxua AEBrako"; Raul Castrok, berriz, "zintzotzat" jo du Obama.

Raul Castro eta Barack Obama presidenteen arteko bileraren irudia, Panaman. Argazkia: EFE
AEBen eta Kubaren arteko giroa lasaitzen hasi da

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko eta Kubaren arteko harremanak hurbiltzen hasi dira Ameriketako VII. Goi Bileran, Panaman, Barack Obama eta Raul Castro presidenteen arteko bileraren ondorioz. Batzar horrekin amaiera eman diote Gerra Hotzetik zetorren gatazka diplomatikoari.

Kubako eta AEBko agintarien arteko bilerak ordu bat eta hogei minutu iraun du. Bi herrialdeen arteko harremanak berrezartzearen inguruan "zintzotasunez" mintzatu dira Obama eta Castro, prozesuan aurrera egiteko, baina herrialdeen arteko "alde ugariak" ahaztu gabe.

"Etorkizunerako bidean aurrera egiteko gai gara", esan du Obamak. "Posible da AEBk eta Kubak egoera gainditzea, eta harreman berria garatzea", gaineratu du. Izan ere, AEBko presidentearen hitzetan, Kuba "ez da mehatxua AEBrako". Gauzak horrela, Obama baikor baina zuhur azaldu da negoziazioen gainean.

Bestalde, Raul Castrok esan dio Obamari "edozertaz" hitz egiteko prest dagoela bi aldeen arteko harremanak berreskuratzeko prozesu horretan. Bi herrialdeek errespetu handiz hitz egin behar dutela adierazi ostean, Kubako agintariak aitortu du "desadostasun handiak" daudela bi gobernuen artean.

Castroren iritzian, Obama "zintzoa" da, eta AEBko aurreko presidenteek Kubarekiko hartutako politikengatik Obama erantzukizunetatik salbuetsi du.

Eskaerak AEBri

Bi agintarien arteko laudorio ugari entzun badira ere, Raul Castrok hainbat eskaera egin dizkio Obamari, tartean, Kubari ezarritako enbargoa bertan behera uzteko.

Bilera historiko horren ostean ez da informazio berririk zabaldu, esaterako, Habanan edo Washingtoneko enbaxadak noiz irekiko dituzten, edo noiz aterako duten Kuba terrorismoaren finantzazioa jasotzen duten herrialdeen zerrendatik.

Horren haritik, Obamak esan duenez, oraindik ez du Estatuko Departamentuko gomendioa aztertu (Departamentu horrek Kuba zerrenda horretatik kanpo uzteko aholkua eman du). Hori dela eta, ez du horren gainean erabakirik hartu.

Kuba zerrenda horretan agertzen da 1982. urtetik, eta bertatik ateratzeko eskatu du. Enbaxadak berriro irekitzeko baldintza ez bada ere, "auzi garrantzitsua" da Kubarentzat.

Obamaren eta Maduroren arteko topaketa

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Telesur telebista-kateari baieztatu dionez, Barack Obama AEBko presidentearekin topo egin zuen Ameriketako Goi Bileran. Gainera, Madurok iragarri zuenez, "elkarrizketa-prozesua abiarazteko aukera dago".

Madurok esan duenez, topaketa "ustekabekoa" izan da. Hamar minutu inguru egon dira hitz egiten, itzultzaileek lagunduta, eta elkarri "modu maitekorrean egia" esan  diotela azpimarratu du. Maduroren ustean, Panamakoa "Egiaren Goi Bilera" izan da.

"Esan diot ez garela AEBren etsai, iraultzaileak eta bihotz berokoak baizik, eta bakea eraiki nahi dugula", zehaztu du.

Alabaina, Madurok ez du elkarrizketaren edukiaz gehiago esan, baina, aipatu duenaren arabera, baliteke "AEBrekin elkarrizketa prozesua eta errespetuan oinarritutako harremana abiaraztea datozen egunotan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kubako presidente ohia Barack Obama