Mundua -

Txina

Polemika Txinan, modelo bat Hiri Debekatuan biluzi delako

"Historia desohoratzea" leporatu diote Wang Dong argazkilariari.

Wang Dong argazkilariaren argazkietako bat
Wang Dong argazkilariaren argazkietako bat
Wang Dong argazkilariaren argazkietako bat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polemika handia piztu da Txinan, argazkilari batek Pekingo Hiri Debekatuan egindako argazki batzuengatik. Irudiotan, emakumezko modelo bat biluzik ikus daiteke, eta, hori dela eta, "Historia desohoratzea" leporatu diote argazkilariari.

Argazkiotako batean, adibidez, emakumea marmolezko dragoi baten gainean dago, biluzik.

"Nire lana egiten nengoen, ez nion inori traba egin", adierazi du Wang Dong argazkilariak, Beijing News egunkarian egindako adierazpenetan. Pekingo Antzerki Akademian ikasi zuen, eta egun AEBn ikasten ari da.

Herrialde horretako sare sozialetan, hainbat erabiltzailek esan dute tankera horretako argazkiak ohikoak direla hondartzetan, baina ez enperadoreen jauregi ohian, Txinako ikurrentzat "iraina" baita.

"Ez zen nire asmoa kultura edo zibilizio txinatarra iraintzea", esan du artistak, eta modeloei argazkiak biluzik egitea turismoguneetan normala dela gaineratu du.

Global Times egunkari ofizialak aipatutako adituak ez dira iritzi berekoak. Horien esanetan, argazki batzuetan turistak agertzeak argi uzten du argazkiak "legez kanpokoak" direla, Hiri Debekatuaren arduradunek turistentzat itxita dagoenean bakarrik baimentzen baitute horrelako saioak egitea.

Oraingoz, Hiri Debekatuaren arduradunek ez dute argitu argazki-saioa egiteko baimena eman ote zuten.

Wang ez da polemika piztu duen lehena. Aldez aurretik, Ai Weiwei ekintzaile politiko ospetsua ere hainbatetan izan da protagonista. Behin, adibidez, biluzik agertu zen Tiananmen plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea