Mundua -

Erreskatea

Akordiorik gabe amaitu da Greziaren eta hartzekodunen arteko bilera

Oraindik ere 'diferentzia' handiak dituzte bi aldeek, izan ere, erreforma eta doikuntza gehiago eskatzen dizkio Bruselak Atenasi.

Juncker eta Tsipras. Artxiboko irudia: EFE
Juncker eta Tsipras. Artxiboko irudia: EFE
Juncker eta Tsipras. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordiorik gabe amaitu dira Greziako ordezkaritzaren eta hartzekodunen arteko negoziazioak, Bruselak adostasuna lortzeko egin duen "azken ahalegina".  Oraindik ere diferentzia "handiak" dituzte bi aldeek, izan ere, erreforma eta doikuntza gehiago eskatzen dizkio Bruselak Atenasi.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak "Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin auziari konponbidea bilatzeko azken ahalegina egin du asteburu honetan, ordezkarien bitartez, eta Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko adituekin lankidetzan. Akordioa Eurotaldearen osteguneko bileran ebaluatzea zen asmoa", Europako Batzordearen iturriek berri eman dutenez.

"Aurrerapauso batzuk eman badira ere, negoziazioek ez dute aurrera egin; izan ere, oraindik ere ezberdintasun handiak daude Greziak dituen asmoen eta hartzekodunen zerga alorreko eskarien artean", gaineratu dute.

Bi aldeen arteko diferentziak 2.000 milioi euro ingurukoak dira, Barne Produktu Gordinaren % 0,5aren edo % 1aren parekoak.

Halaber, hiru hartzekodunek -Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa- uste dute Greziaren proposamenak osatu gabeak direla.

Europako Batzordearen hitzetan, "oinarri horren gainean eztabaidatuko beharko da orain Eurotaldean", euroguneko Finantza eta Ekonomia ministroak elkartzen dituen foroan.

Junckerrek egindako "azken ahalegin" horrek akordioa lortzeko balio izan ez badu ere, Europako Batzordeko presidentea ziur dago posible dela hilabetea amaitu aurretik auziari konponbidea aurkitzea, baldin eta Greziak erreforma sakonagoak egiteko ahalegina egiten badu eta alde guztiek borondate politikoa erakusten badute.

Ekainaren 30ean amaitzen da Greziako erreskatearen bigarren luzapena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak