Mundua -

Elkarrizketa

Greziaren eta hartzekodunen artean akordioa lortzea espero du Almuniak

Baikor agertu da, haren esanetan, Tsiprasek orain arte onartu ez dituen hainbat kontu onartu dituelako.

Joaquin Almunia. Argazkia: EiTB
Joaquin Almunia. Argazkia: EiTB
Almunia: 'Eurotik ateratzearen ondorioak latzak dira'

00:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordearen iritziz, Grezia eurotik irteten bada "amesgaizto" bat biziko dute greziarrek, eta igandea amaitu aurretik Greziak eta nazioarteko hartzekodunek akordio bat lortuko dutenaren itxaropena agertu du.

Europari buruzko "Populismoen eta putinismoaren artean" izeneko mintegi batean parte hartu du gaur Donostian eta, Greziako krisiaz galdetuta, azpimarratu du ez dituela Alexis Tsiprasek gidatuko egungo gobernuko eta aurreko gobernuetako buruzagien jarrerak ulertzen.

Greziak euroguneko kide izaten jarraituko duenaren itxaropena agertu ostean, adierazi du hori dela onena denentzat eta hori dela haren ustez gertatuko dena. Dena den, ez du baztertu Grezia eurogunetik ateratzeko aukera ere, baldin eta "Greziako Gobernua euroguneko beste herrialdeek eskatzen dutena onartzeko prest ez badago".

Almuniaren hitzetan, Grezia eurotik ateratzea "amesgaiztoa" litzateke greziarrentzat eta Greziako gizartearentzat; izan ere, igandea amaitu baino lehen akordiorik ez badago "astelehenean bankuek ezingo dute funtzionatu eta orduan beste herrialde batzuetako krisietan -Argentina, kasu- erabili diren formulak aplikatu beharko dira".

Edonola ere, azpimarratu du inork nahi ez duen larrialdi egoera dela hori eta horrelakorik ez gertatzeko nahia agertu du. Are gehiago, uste du igandea amaitu aurretik bi aldeek akordioa lortuko dutela.

"Auzian nahastuta dauden eragile guztiek akordio politiko horrekiko konfiantza erakutsi beharko dute gaur egungo korapiloa askatzeko", esan du. Akordioa erdiesteko itxaropena agertu du Almuniak, haren esanetan, Tsiprasek orain arte onartu ez dituen hainbat kontu onartu dituelako.

"Egunotan egoera oso-oso zaila bizi dute Grezian, hain justu, Europar Batasuneko estatuburuekin eta gobernuburuekin akordio politiko bat lortzeko denbora gutxi gelditzen delako", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako berriak