Mundua -

Grezia

Bigarren erreforma sorta onartu du Greziako Parlamentuak

230 diputatuk alde bozkatu dute, 63k kontra eta 5 abstenitu egin dira. Aurreikusita bezala, Syriza alderdiaren barruan dagoen zatiketa agerian geratu da.

Alesix Tsipras, gaur goizaldean, Greziako Parlamentuan, bozketaren emaitza ezagutu ondoren. EFE.
Alesix Tsipras, gaur goizaldean, Greziako Parlamentuan, bozketaren emaitza ezagutu ondoren. EFE.
Alesix Tsipras, gaur goizaldean, Greziako Parlamentuan, bozketaren emaitza ezagutu ondoren. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Parlamentuak gehiengo zabal batekin onartu du Eurotaldearekin adostutako bigarren erreforma sorta. Atzo egun osoz neurriak eztabaidatu eta aztertu ondoren, goizaldeko 03:00etan egin da bozketa. Erreforma horiek onartzea ezinbesteko baldintza zen, hirugarren erreskatearen negoziazioei ekiteko.

230 diputatuk alde bozkatu dute, 63k kontra eta 5 abstenitu egin dira. Aurreikusita bezala, Syriza alderdiaren barruan dagoen zatiketa agerian geratu da. Denera 300 diputatu ditu Greziako ganberak, baina bozketaren unean bi ez zeuden bertan.

Dena dela, Syrizan kontrako botoa nagusitu den arren, aurreko erreforma sortaren bozketan baino diputatu gehiagok eman dute oraingoan aldeko botoa. Pasa den astean 39k ezezko boza eman zuten. Bart, Siryzako 36 diputatu izan dira erreformak babestu ez dituztenak.

Zoe Konstandopulu (Siryza) Parlamentuko presidentea izan da kontra agertu denetako bat: bere jarrera erakusteko, gainera, uko egin dio presidente bezala saioa zuzentzeari.

Yanis Varufakis Finantza ministro ohiak, berriz, gaurkoan aldeko botoa eman du. Lehendabiziko bozketan kontrako jarrera azaldu zuen.

Kontserbadoreen, liberalen eta sozialdemokraten erabateko babesa jaso du erreforma proposamenak, oraingoan ere.

Alexis Tsiprasek joan den astean bere Gobernua berritu zuen, batasuna bermatzeko, eta hori agerian geratu da gaurko bozketan: Gobernua osatzen duten kideek aldeko boza eman dute.

Bozkatu dituzten neurrien artean, nabarmenenak, kode zibilaren erreformarena eta bankuak onbideratzeko Europako zuzentaraua onartzearena izan dira.

Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak ezinbesteko baldintzatzat jarri zuten bi erreforma sortak onartzea, hirugarren erreskatearen negoziazioei ekiteko.

'Aliantzak'

Parlamentuan egin duen hitzaldian, Tsipras presidenteak esan du hirugarren erreskatearen baldintzen negoziaziorako urrats bat baino ez direla erreforma hauek. Behin betiko programa "hobetzeko", Greziako Gobernuak "aliantzak" bilatzen jarraituko duela hitz eman du.

"Bihartik aurrera erreskatearen baldintzak negoziatu beharko ditugu. Europarekin ezarrita ditugun aliantza guztiak erabili behar ditugu, behin betiko akordioa hobetzeko", agindu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako berriak