Mundua -

70. urteurrena

Japoniaren bakezaletasuna kolokan, Hiroshimaren 70. urteurrenean

Gobernuak atzerriko gerretara tropak bidali ahal izatea nahi du, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Konstituzioak kutsu bakezalea badu ere. Polemika handia dago herrialdean.

Hiroshimako bonbardaketa nuklearraren 70. urteurrena. EFE
Hiroshimako bonbardaketa nuklearraren 70. urteurrena. EFE
Hiroshimako bonba atomikoak mundua guztiz aldatu zuen

1:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona batu dira gaur Hiroshiman, AEBren bonbardaketa nuklearraren 70. urteurrena eta biktimak oroitzeko. Japoniako Gobernuak herrialdeari kutsu bakezalea kendu nahi dion honetan etorri da urteurrena.

Mundu osoan jaurtitako lehen bonba atomikoa izan zen hura, eta 140.000 pertsona hil zituen. Handik eta hiru egunera, gainera, AEBk beste bat leherrarazi zuen Nagasakin, eta beste 40.000 hil zituen.

Gaur, 08:15ean (Japoniako ordua), 1945eko abuztuaren 6an bonba atomikoa lehertu zen une zehatzean, milaka pertsonak minutu bateko isilunea egin dute.

Hiroshimako alkateak, Kazumi Matsuik, arma nuklearrak debekatzea eta botere militarraren esku ez dauden segurtasun sistemak sortzea eskatu du ekitaldian.

Azken asteetan, polemika handia piztu da herrialdean. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraz geroztik, Japoniako Konstituzioa bakezalea da, baina Gobernuak hainbat lege onartu ditu azkenaldian, atzerriko gerretara tropak bidali ahal izateko. Hori dela eta, protesta ugari egin dituzte hainbat hiritan.

Lege berri horiek dagoeneko onartu dituzte Parlamentuko Behe Ganberan, eta orain Senatuan ari dira eztabaidatzen. Shinzo Abe lehen ministroaren ospea maldan behera dago, eta % 40tik behera jaitsi da.

Bien bitartean, AEBn, John Kerry Estatu idazkariak adierazi du Hiroshimako bonba atomikoaren 70. urteurrenak agerian uzten duela Iranekin lortutako akordio nuklearraren garrantzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia argazkiak