Mundua -

Errefuxiatuen drama

Errefuxiatuak Hungariara eramaten hasi da Kroazia

Agintariek muga itxi dute, eta ehunka errefuxiatu Hungariara eramaten hasi dira.

Bi ume, Serbia eta Kroazia arteko mugan, zain. Argazkia: EFE
Bi ume, Serbia eta Kroazia arteko mugan, zain. Argazkia: EFE
Hungariara errefuxiatuak bidaltzen jarraituko du Kroaziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kroaziako agintariak errefuxiatuak kanporatzen hasi dira. Hain zuzen ere, ehunka pertsona Hungariara eramaten hasi dira, autobusez.

11.000 errefuxiatu, 48 orduko epean. Siriatik eta Ekialde Ertainean gerran dauden beste herrialdeetatik iritsitako pertsona oldea jaso du egunotan Kroaziak, eta heldutakoei eman beharreko laguntza humanitarioa "egonkortzeko" mugako zazpi postu itxi ditu goizaldean, Kroaziako Barne ministroak baieztatu duenez.

24sata Kroaziako albiste webgunearen arabera, neurriak ez du eragin handirik izan, iheslariek lur zabaletik sartzen jarraitu dutelako. Bajakovoko pasabidea, aldiz, zabalik utzi dute.

Ranko Ostojic Kroaziako Barne ministroak gainezka zeudela esan zuen atzo gauean, eta litekeena zela mugako postuak aldi baterako itxi behar izatea. "Beste errefuxiatu olde bat badugu, muga blokeatu beharko dugu, herrialdera sartu den jendetzari eman beharreko laguntza humanitarioa egonkortzeko", azaldu zuen elkarrizketa batean.

Kroaziako HTV telebista publikoak zabaldutako irudietan, Serbiako mugako postuetatik etengabe sartzen ari ziren errefuxiatuak ikus daitezke. Oinez, ibilgailuz, autobusez... denak balio du herrialdearen hegoaldera ahalik eta azkarren joateko. Zagreb dute helburu, eta handik, Eslovenia igaro eta Austriara heltzea. Azken jomuga Alemania edo Suedia dute. Ibilbide horretan lehen oztopoa topatu dute askok: Eslovenia Kroaziarekin lotzen duen trenbidea itxi du Esloveniako Gobernuak, 300 bat errefuxiatu zeramatzan lehen trena jaso ostean.

Hungaria, alanbre-hesiak jartzen nonahi

Viktor Orban Hungariako lehen ministroak lehenengo lepotik du burua. Serbia eta Hungaria arteko mugan eraikitako 175 kilometroko hesiari beste bat erantsiko diote aurki. Horren arabera, Kroaziarekin duten mugan 41 kilometroko luzera eta metro eta erdiko garaiera duen hesia altxatzeari ekin diote.

"Gure mugak babestuko ditugu. Ez genuen halako mundu bat nahi", esan du Orbanek Kossuth irrati kate publikoari eskainitako elkarrizketan.

"Serbiako mugan egindako hesi bera egingo dugu", erantsi du.

Poliziak indarrez hartu ditu errefuxiatuak Horgos herriko pasagunean, eta oldarraldiari buruz galdetu diotenean, bere burua zuritu du Orbanek: "Etorkin armatuek eraso egin diote gure herrialdeari".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Europa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Errefuxiatuak azken ordukoa Hungaria gaur