Mundua -

Hauteskundeen ondoren

Portugalek ezkerrera egingo du

Ezkerreko Bloke marxistarekin eta komunistekin Gobernua osatzen saiatuko dela iragarri du PSk, nahiz eta urriaren 4ko hauteskundeetan kontserbadoreek garaipena lortu.

Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidentea. Argazkia: EFE
Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidentea. Argazkia: EFE
Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidentea. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugalgo oposizioaren alderdi nagusiak, Alderdi Sozialistak (PS), Ezkerreko Bloke marxistarekin eta komunistekin Gobernua osatzen saiatuko dela iragarri du, nahiz eta urriaren 4ko hauteskundeetan kontserbadoreek garaipen erlatiboa lortu.

Ezkerreko ituna ixten baldin badute, Portugalgo demokraziaren 40 urteetan berria izango da.

“Portugaldarrek politika aldatzea eskatu zuten ezbairik gabe, eta borondate horri irtenbide bat emateko baldintzak daudela uste du PSk”, adierazi du Antonio Costa Alderdi Sozialistako buruzagiak. Horrela, Pedro Passos Coelhoren zentro-eskuinarekin negoziazioak amaitutzat jo ditu Costak.

PSko buruzagia Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidentearekin bildu da, eta, Konstituzioak aurreikusitakoaren arabera, Cavaco Silvak erabaki behar du hurrengo lehen ministroa nor izango den.

“Ziurtasunik eza”

Costaren ahotan, Cavaco Silvak “onena” egingo du, baina ez da komeni erabakia asko atzeratzea, “segurtasunik eza eta zehaztugabetasuna” sor ditzakeelako. PSk botoen % 32 lortu zituen azken hauteskundeetan. Passos Coelhoren zentro-eskuineko aliantza kontserbadoreak, aldiz, bozen % 39 eskuratu zituen.

Ezkerreko hiruko Gobernuaren kaltetan, Portugalgo presidenteak Passos Coelho lehen ministro izendatzea espero da, alderdi bozkatuena izan delako.

Hala ere, erabaki horrek arriskuak ditu; izan ere, kontserbadoreek Parlamentuko gehiengo zabal baten babesa izan beharko lukete lanean hasteko.

Bestalde, Passos Coelho ere Cavaco Silvarekin bildu da. Buruzagi kontserbadoreak Portugalgo presidentea alderdikidea du. “Hauteskundeak irabazi zituen indar politikoak osatu beharko luke Gobernua, adierazi du Passos Coelhok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugal